GERRA UKRAINAN

Ukrainako zerealen esportazioari blokeoa kentzeko akordioa sinatu dute

Errusiak eta Ukrainak NBEk babestuta Turkian sinatutako itunaren arabera, aste batzuk barru Itsaso Beltzetik barrena merkaturatuko den ale bolumena inbasioaren aurrekoaren parekoa izango da. NBErentzat, «munduarentzako aringarri bat» da adostutakoa.

Guterres eta Erdogan aurrean, eta atzean, ezkerrean, Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroa. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 22a
16:35
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako akordio bat sinatu dute Errusiak eta Ukrainak, gaur, modu horretan blokeoa kentzeko Itsaso Beltzetik barrena esportatutako zerealei. Istanbulen aldeek adostutakoaren arabera, gerra gorabehera Ukrainako hiru portutatik, Odesatik, Pivdennyitik eta Chornomorsketik, aterako dituzte ontziek aleak, eta zehaztutako bide bat jarraituko dute. NBEko funtzionarioek kalkulatu dute aste batzuk barru esportazio bolumena gerra aurrekoaren parekoa izango dela. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak nabarmendu du «munduarentzako aringarri bat» dela ituna, elikagai krisia areagotzen ari zelako blokeoa.

Horrenbestez, Itsaso Beltzeko Ekimena deitutakoak aterabidea emango die Errusiak joan den otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hango portuetan pilatuta dauden 22 milioi tona zereali: artoa, garia eta beste. Ale horiek ez merkaturatzeak elikagai krisia handitu du, eta, gainera, horregatik eta Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoengatik, inflazioak nabarmen egin du gora, elikagaien eta energiaren prezioak bezalaxe. NBEk adierazi du helburua dela astero bost milioi tona esportatzea. Orduan, asmo hori betez gero, akordioan jasotakoa aplikatzen hasi eta hilabetera hustuko lirateke Ukrainako portuetako biltegiak. NBEren esanetan, «aste batzuk» beharko dituzte ituna praktikara eramateko.

Bai Errusiarekin eta bai Ukrainarekin harreman ona duenez, Turkiak bitartekari lanak egin ditu negoziazioetan. Istanbulgo Dolmabahçe jauregian izenpetu dute akordioa, eta han egin dute zeremonia. Ordezkaritza militarrak bidali dituzte Moskuk eta Kievek negoziazioetara, eta Errusiaren aldetik Serguei Xoigu Defentsa ministroa izan da ordezkari gorena, eta Ukrainaren aldetik Oleksandr Kubrakov Azpiegitura ministroa. Haiek sinatu dute ituna —baita Guterresek eta Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek ere— baina informazio agentziek kaleratu dutenez, ez dira mahai berean eseri; argazkietan ere ez dira batera ageri. Reuters berri agentziak argitaratu du akordioa egiteko bileraren ondoren Xoiguk adierazi diola Rossiya-24 Errusiako telebista kateari dokumentuan «argikiro azaldutako obligazioak» asumituko dituela Kremlinek.

Guterresek azpimarratu du Itsaso Beltzean «itsasargi bat» dagoela, eta hori dela «itxaropenaren itsasargia». Eskerrak eman dizkie Errusiari eta Ukrainari «trabak gainditzeagatik» eta haien arteko «aldeak» alboratuz «guztion interesak bateratzen dituen ekimen bat bideratzeagatik». Guterresen esanetan, «gizateriaren ongizatearen sustapena» izan da elkarrizketak bultzatu dituena, eta iruditzen zaio akordioaren ondorioz «porrotetik» gertu zeuden herrialdeen zein «gosetearen atarian» zeuden herritarren egoera «arinduko» dela. NBEren txostenek diotenez, inbasioa hasi aurretik 276 milioi pertsona zeuden elikagai faltan geratzeko zorian daude; eta orain 345 milioi pertsona dira.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak zeremoniaren aurretik adierazi duenez, akordioak ekarriko du inflazio globalaren arintze bat, eta milioika pertsonek goseteak saihestuko dituzte. Azpimarratu du adostutakoak «mundu guztiari» eragiten diola eta «inflexio puntu bat» izango dela.

Josep Borrell Europako Batzordearen diplomaziaburuak Twitterreko bere kontuan idatzitako mezu batean azpimarratu du Turkiako akordioa «norabide egokian» emandako «aurrerapauso bat» dela, Errusiaren inbasioak «gosete arriskuan» utzi baititu milioika pertsona. NBEren lana eskertu du, eta adostutakoa «azkar» ezar dezatela. Gogorarazi du, bide batez, EB Europako Batasuna Ukrainari laguntzeko prest dagoela aleak «merkatu globaletara» eramaterakoan. Zentzu horretan, Peter Stano Europako Batzordearen Atzerriko bozeramaileak adierazi du, prentsaren aurrean, itsasoko bidea dela «eraginkorrena eta azkarrena» zereal produkzioa mundu guztiko bezeroei eramateko. Galdetu diote ea EBk zein rol jokatu duen akordioan, eta erantzun du Kremlinek ez duela «EBren bitartekaritza» onartzen. «EBren kontrakoa da».

NBEko funtzionarioek adierazi dute hauek direla akordioak jasotako konpromisoak:

Zamatzeen kontrola: Ukrainako portuetan zereal aleekin egindako zamatzea kontrolatuko du Turkiako, Ukrainako eta NBEko funtzionarioz osatutako talde batek.

Korridorea: Ukrainak eta Errusiak minak jarri dituzte Itsaso Beltzean, eta, orduan, aurrez zehaztutako bide jakin batetik nabigatu beharko dute ontziek.

Istanbulgo taldea: Bosforoko itsasarterako bidean zeharkatuko dute ontziek Itsaso Beltza, eta egoitza Istanbulen izango duen koordinazio zentro batek behatuko ditu joan-etorriak. Zentro horrek NBEko, Turkiako, Errusiako eta Turkiako ordezkariak izango ditu.

Ikuskatzea: Ukrainarantz bueltatzen diren ontziak ikuskatuko dituzte Istanbulgo taldearen funtzionarioek, ziurtatzeko ez daramatela ez armarik, ez erasorako erabil daitekeen gailurik.

Erasorik ez: Errusiak eta Ukrainak adostu dute erasorik ez egitea ez ontziei, ez portuetan. Turkiako zein NBEko funtzionarioak egongo dira Ukrainako portuetan itunak babestutako eremuak zehazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.