indarkeria matxista

Erandioko gizon batek egindako sexu abusuak salatu dituzte

Ehunka lagun bildu dira Josu Murueta plazan mugimendu feministak deiturik, herriko gizon batek duela zenbait urte Leioan sexu erasoak egin zituela jakin ostean.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Erandion, artxiboko argazkian. BERRIA
2022ko uztailaren 23a
00:30
Entzun

Erandioko neska gazte bati herriko futbol taldeko entrenatzaileak sexu abusuak egin zizkiola ezagutu zen aurrena. Gizon horrek berak Leioan duela zenbait urte beste bi sexu eraso behintzat egin zituela ezagutu da egunotan, eta atxilotu egin dutela, eta Ertzaintza ikertzen ari dela gizon horrek berak eraso gehiago egin ote dituen. Berri horiek sortutako haserrea kalera atera dute ostiral iluntze honetan Erandion (Bizkaia). Astraburuko Josu Murueta plazan ehunka herritar elkartu dira, aski dela esateko. Nazkatuta gaude, eraso matxistarik ez! zioen pankartaren inguruan bildu dira, mugimendu feministak deiturik. Udalak ere babestu du protesta, eta Aitziber Oliban alkatea eta zinegotziak protestan izan dira; alderdi guztiek onartu dute gaitzespen agiri bat.

Betiko Neskak futbol taldeko 14 urteko neska gazte batek salatu zituen sexu erasoak. Ertzaintza kasua ikertzen hasi zen, eta asteartean atxilotu zuten gizonezkoa. Futbol taldeko ordezkariak ere izan dira elkarretaratzea, eta taldeko kamisetak jantzita joan dira herritar asko, gainera. «Ez dugu onartuko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriarik. Askatasunean mugitzeko eta bizitzeko eskubidea dugu, eta kirola askatasunean egiteko eskubidea», adierazi dute agiri batean. Kazola jotze batekin eta txaloka bukatu dute protesta

Atxilotutako gizonak 49 urte ditu, eta herrikoa da, ezaguna. Ez zituen aurrekariak. Kartzelatzeko agindu du epaileak, eta han jarraitzen du. Bitartean, Ertzaintza ikertzen ari da eraso gehiago egin ote dituen. Erandioko neskatoak erasoa salatu eta gizonaren ezaugarriak esplikatu zizkienean, poliziak jabetu ziren duela zenbait urte Leioako beste emakume gazte batzuek egindako salaketako erasotzailearen deskribapenarekin bat zetorrela. Gizonaren DNA arrastoak kontrastatu zituzten, eta orduan atxilotu zuten. 2015ean eta 2017an gertatu ziren eraso horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.