Tunisia

Konstituzioari buruzko erreferenduma egingo dute gaur Tunisian

Testuak eskumen gehiago ematen dizkio presidenteari, eta ahuldu egiten du parlamentua. Oposizioak boikoterako deia egin du.

Kais Saied presidenteak bultzatutako erreferendumaren aurkako protesta bat, atzo, Tunisen. MOHAMED MESSARA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 24a
00:20
Entzun

Egun seinalatua izango da gaurkoa Tunisian: batetik, 65 urte beteko ditu errepublikak; bestetik, urte bat beteko da Kais Said presidenteak parlamentua desegin eta salbuespen egoera ezarri zuela; eta, laster, herrialdeak konstituzio berria onartu zuen eguna ere bilakatu liteke. Izan ere, estatuburuak argi utzi du: ez dago gutxieneko parte hartzerik; baiezkoa nagusi bada, aurrera egingo du testuak. Batere argi ez dagoena da zer gertatuko litzatekeen aurreikuspen guztien aurka ezezkoak irabaziko balu.

Oposizioko alderdi nagusiek boikoterako deia egin dute, iritzita bozkatzea, kontra bada ere, galdeketari zilegitasuna ematea litzatekeela. Testuak estatuburuari «neurrigabeko boterea» ematen diola eta parlamentua ahultzen duela salatu dute oposizioko alderdi eta elkarte gehienek. Lege sorta idatzi duen aditu taldeko buru Sadok Belaid bera aldendu egin da ekinbidetik, salatuz zirriborroa ez dela «nazio mailako eztabaida baten ondorio» izan, eta herrialdeko sindikatu nagusi UGTTk uko egin dio prozesuan parte hartzeari, iritzita «engainu bat » dela.

Izan dira parte hartzeko deia egin duten oposizioko alderdi eta mugimenduak ere, boikotak testuak aurrera egitea erraztuko duelakoan, baina gutxi dira. Kanpaina egiteko erregistratu diren 148 alderdi, elkarte eta pertsona fisikoetatik seik bakarrik eskatu dute ezezko botoa. Haietako bat da Tunisiako Asmoak alderdia. «Parte hartzea apala izango da, ez baitugu benetako kanpainarik ikusi. Hori da politikaren alde iluna. Badaude [kanpaina egiteko] onartuak izan diren elkarte eta pertsona fisikoak, inork ezagutzen ez dituen eta programarik ez duten arren», azaldu du Fadhel Abdelkefik, alderdiko buruak.

Zilegitasuna

Saiden beraren esanetan, «beharrezko urratsa» da konstituzioaren erreforma, eta bere argudioen alde baliatzen du urtarrilean egindako Internet bidezko galdeketan parte hartu zuten 530.000 pertsonetatik %36 agertu zirela testua moldatzearen alde. Aurka agertu zirenen botoa «sabotaje ekintza» gisa deskribatu zuen estatuburuak.

Egun indarrean dagoen konstituzioa 2014koa da. Zine el-Abidine ben Ali presidentea kargugabetzea ahalbidetu zuen 2011ko iraultzaren ostean adostu zuten testu berri bat egitea, eta bi urteko eztabaidaren ondoren onartu zuten. Aldi honetan, ordea, prozedura oso bestelakoa izan da. Saidek berak erabaki zuen duela urtebete gobernua eta parlamentua desegin eta botere guztia bere gain hartzea. Hori egiteko argudio gisa erabili zituen ustelkeriaren aurkako protesta jendetsuak, eta iragarri zuen testu berriak «Ben Aliren kargugabetzearekin hasitako bide iraultzailea» amaituko duela.

Badira Saiden jarrera babesten dutenak, «bestelako politika bat» bultzatuko duen itxaropenarekin. «Iraultza heldu zen, eta atsekabez atsekabe egin genuen aurrera ezustean 2014ko konstituzioa aurkeztu ziguten arte, eta hura izan zen atsekaberik handiena, ez datorrelako bat gazteok nahi genuenarekin», esan du Laila Jandubik, Herriak Eratzen Du mugimenduko kideak.

Baina bada kezka nagusi bat aldekoen zein kontrakoen artean zabaldua dena, eta hauxe da: testu hau onartzeak Saiden agintaldia gutxienez 2034ra arte luzatzea ekar dezakeela; alegia, beste bi legealdiz jarraituko lukeela boterean. Izan ere, presidente batek bost urteko bi agintaldi soilik egin baditzake ere, konstituzio berri bat indarrean sartzen denean kontagailua hutsetik hasten da.

Bien bitartean, herritarren artean ez da erreferendumarekiko interes berezirik nabari. Ez protestek, ez baiezkoaren aldeko ekitaldiek, ez dute lortu jendetzarik batzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.