Galizia

Aberri Eguneko ospakizun eta mobilizazioak egin dituzte Galizian

12:00etan manifestazio jendetsua egin du BNGk, Santiagon. Datozen udal hauteskundeetan «aurrera egiteko aukera paregabea» dutela adierazi du Ana Ponton bozeramaileak.

BNGk gaur Santiagon egindako manifestazioaren amaiera. @OBLOQUE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 25a
10:59
Entzun

Ekitaldi ugari egingo dituzte gaur Galizian Aberri Egunaren harira. Urtero bezala, manifestazioa egin dute Santiagon, 12:00etan, BNG alderdiak antolatuta, Etorkizuna irabazi lelopean. Ana Ponton eledunak hartu du hitza mobilizazioaren amaieran, eta nabarmendu du «aurpegi asko» dituela egungo krisiak: soziala, ekonomikoa eta ingurugiroari lotutakoa. «Klima larrialdia benetako arazo bat da, eta mehatxu bat planetaren etorkizunarentzat». Ordea, Pontonek salatu du «trantsizio ekologikoa itxurakeria» baino ez dela Espainiako Estatuarentzat eta EBrentzat.

Era berean, Pontonek ziurtatu du datozen udal bozetan «aurrera egiteko aukera paregabea» duela BNGk: «Erabakimenez aurkeztuko gara hiritarren aurrean, gehiengo sozialaren bizitzak hobetzeko proiektu batekin». Atzo, Galiza Nova BNGren gazteriek antolatutako ekitaldian Pontonek adierazi zuen gazteriak izan behar duela «benetako aldaketaren bultzatzaile; batez ere, gazteentzako etorkizuna izango duen Galizia bat eraikitzeko».

Galiziako Aberri Egunaren bezperan, Rosalia de Castro eta Daniel Castelao idazleak omendu zituen Galiza Novak atzo, eta «egunez egun dagozkigun eskubideen alde borrokatzeko sinbolo eta eredu» direla aldarrikatu zuen. Brrehun bat lagun bildu zituzten ekitaldian; tartean, Euskal Herritik joandako ordezkari batzuk.

Gainera, Mocidade pola Independencia ekinbideak ere manifestazioa egin zuen atzo, Galiziako gazteria erasora lelopean. Krisiak ekarritako testuinguruan, gazteen arazo nagusiak salatu eta Galiziako Errepublika aldarrikatu nahi izan zuten ehunka gaztek.

Gaur, EH Bilduk Aberri Egun «zoriontsua» opatu nahi izan die «Galizian eta handik kanpo herrien burujabetzaren alde» egiten duten herritarrei.

Ekitaldi gehiago

BNGk antolatutakoa ez da izango mobilizazio bakarra. 13:00ean, Independentzia eta sozialismoa lelotzat hartuta, manifestazioa egingo dute Agora Galiza-Unidade Popular eta Causa Galiza taldeek eta Galiziako Errepublikaren aldeko Alderdi Komunistak.

Arratsaldean, bestalde, mahai inguru bat ere egingo dute hainbat alderditako ordezkariek, Herrien Europari begira izenburu hartuta. Ana Miranda (BNG), Nestro Rego (BNG), Sara Bailac (ERC), Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Amadeu Mezquida (Mes-Compromis) eta Miquel Rossello (Mes per Mallorca) arituko dira solasean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.