Hilberria

Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' bertsolaria hil da

Plazarik gehien egin zuten bertsolarietako bat izan zen 1990eko hamarkadaren hasieran. Markinan jaio zen, eta 78 urte zituela zendu da. Bihar egingo diote hileta elizkizuna, 18:00etan, Larruskaingo elizan.

Mañukorta, 2014ko argazki batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 25a
13:30
Entzun

Gregorio Larrañaga Mandiola bertsolaria hil da gaur (1943, Markina-Xemein, Bizkaia). Mañukorta ezizenez ezagunagoa, izen bereko baserrian jaio zen, Markinako Larruskain auzoan. Gaur zendu da, 78 urte zituela. Batik bat 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, bertsogintzaren gailurrean aritu zen. Urte haietan plazarik gehien egiten zuten bertsolarien artean ibili zen Mañukorta.

Hil beila bihar jarriko dute, 16:00etatik 17:30era, Berriatuako Gardotza poligonoan. Hileta elizkizuna, berriz, 18:00etan izango da, Larruskaingo elizan.

Nekazari eta fabrikako langile egin izan du lan. Soldaduska amaitu orduko, Ameriketara joan zen osabarekin, artzain, eta sei urte eman zituen han, 1967tik aurrera. Amaren aldeko familiagandik jaso zuen bertsozaletasuna, eta 1960ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantari; urte hartan egin zuen lehenengo plaza, Markinan, besteak beste Abel Muniategirekin. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen. Orixe eta Xenpelar sariak ere irabazitakoa da. Konplexutasun handirik gabeko bertsokera zerabilen, baina maiz lortzen zuen entzulea piztea, besteak beste, gorputz imintzioak eta antzezpenerako zuen gaitasuna baliatuz.

Bertsolaritzatik harago ere ezagun egin zen azken urteetan. 2014an Xabier Amurizak haren inguruan ateratako liburuaren izenburua, horren erakusle: Mañukorta bertsonajea.

Duela urtebete, omenaldi beroa egin zioten Markina-Xemeingo Bertso Eskolako kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.