Memoria

1936an fusilatutako hamar lagunen gorpuzkiak aurkitu dituzte Baternainen

Hiru hobitan zeuden hamar pertsona horien gorpuzkiak. Nafarroako Gobernuak azaldu du Ezkabako espetxetik fusilatzera eramandako presoak izan daitezkeela.

Baternainen aurkitutako hobietako bat, gaur. NAFARROAKO GOBERNUA.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 26a
13:19
Entzun

Aranzadi zientzia elkarteak 1936an frankistek fusilatutako hamar lagunen gorpuzkiak topatu ditu Baternainen (Zizur, Nafarroa). Estatu kolpearen ondoren, 1936ko uda eta 1937ko urte hasiera bitartean, nafar ugari fusilatu zituzten inguru hartan. Herritar baten lekukotzari tiraka, hilaren 20an hasi zituzten indusketa lanak, eta Baternaindik Iberora doan bidearen ondoan aurkitu dituzte gorpuzkiak, hiru hobitan, laborantzarako lursail batean. Nafarroako Gobernuak adierazi du Ezkabako kartzelatik eramandako presoak izan daitezkeela, lehen ikerketen arabera.

2017an iritsi zitzaien abisua Nafarroako Memoria Institutura, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen bidez. Baternaingo herritar batek eman zuen lekukotza, amak kontatu ziona gogoan: «Hamar edo hamabi lagun hil zituzten zelai hartan. Hantxe lurperatu zituzten, eta, luzaz, hondoratuta ikusten zen ingurua». Duela bost urte egindako indusketetan ez zuten ezer aurkitu, baina, bidearen beste aldean begiratzean, gorpuzkiak topatu dituzte. Gorpuetako batek eskuak lotuta zituen metalezko eskuburdinekin. DNA probak egingo dituzte orain, gorpuzkiak norenak diren argitzeko.

Gorpuetako batek eskuak lotuta zituen. Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak Aranzadi zientzia elkartearekin duen hitzarmenaren bidez, beste bi lekutan ere aurkitu dituzte gorpuzkiak aurten: Antsoainen eta Berriozarren. Pertsona batenak atzeman zituzten Antsoainen, eta 23renak Berriozarren. Azken horiek ere Ezkabako espetxeko presoenak zirela azaldu zuten. 2016tik, frankismoak hildako 154 lagunen gorpuzkiak atera dituzte lurpetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.