Zahar etxeak

Gutxiengoan sinatuko dute Gipuzkoako zahar etxeetako lan hitzarmena

UGTk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADEGI, LARES eta GAREN patronalek sinatuko dute ituna. ELAren ustez, «onartezina» da akordioa, besteak beste, ez dituelako kontuan hartzen langileen %93.

ELAk, LABek eta Gipuzkoako zahar etxeetako senideen elkarteak deitutako protesta bat, artxiboko irudi atean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 26a
13:27
Entzun

«Onartezina» eta «antidemokratikoa». Horrela definitu du ELA sindikatuak Gipuzkoako zahar etxeetako lan hitzarmenaren inguruan hartutako erabakia. Gaur izan dute patronalek eta sindikatuek negoziazio mahaia, eta, iragarri dutenez, UGTk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADEGI, LARES eta GAREN patronalek gutxiengoan sinatuko dute egoitzetako lan ituna. ELAren arabera, baina, erabaki horrek sektoreko soldata arrakala eta egoitzen arteko arrakala areagotuko ditu.

ELAk azaldu duenez, UGTk Gipuzkoako zahar etxeetako langileen %7 baino ez du ordezkatzen. Horrela, akordioa onartzean, «bizkarra eman» diete langileen %93ri eta patronalaren %27ari. Horrekin batera, salatu dute hitzarmenak «patronalen poltsikoak aberasteko» eta langileen baldintzak «okertzeko» baino ez duela balio izango.

Ikusi gehiago:ELAk gaitzetsi egin du zahar etxeetako hitzarmena

ELAren arabera, lan itun hori sinatzean, lau urteko borrokari «muzin» egingo diote, eta sektorearen errealitatea «nabarmen» okertuko da. Sindikatuak azaldu duenez, sinadura horren bidez, besteak beste, 30 minutuko atsedenaldia eta 42 euroko antzinatasuna duten langileek bost minutuko atsedenaldia eta 26 euroko antzinatasuna izango dute 2022rako. Horrekin batera, ELAk adierazi du 2009-2012ko hitzarmena berreskuratuko dela, «enpresetako hitzarmen gehienak baino askoz okerragoa dena».

«Eskandalua da Aldundiak eraginkortasun mugatuko hitzarmen antidemokratikoen alde egitea», azaldu du sindikatuak, eta gaineratu du diputazioak «prekarizazioaren alde» egin duela. Horiek horrela, ELAk salatu du erabaki horrek enpresen aberastasunari baino ez diola erantzuten, eta, ondorioz, datozen urteetan sektorea «gero eta prekarioagoa» izango dela.

Negoziazio mahaian hartutako erabakiari aurre egitekol, ELAk zerbitzuaren kalitatea lehenesten duen zaintza sistema baten alde borrokatzen jarraitzera deitu ditu langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.