Memoria historikoa

Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute, kontzentrazio esparruan hildako errepublikanoen omenez

Oraingoz, hamabost gorpuzki hobiratu dituzte ondoan, eta han hildako 225 lagunen izenak ipini dituzte plaketan.

Senide bi gorpuzkien kutxa bat hobiratzen, Duintasunaren kolunbarioren ondoan. BERRIA
Javi West Larrañaga.
2022ko uztailaren 28a
13:56
Entzun

Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute Urduñan (Bizkaia), «faxismoaren aurrean askatasuna defendatzeagatik zendu zirenak omentzeko». Ondoan hobiratu dituzte identifikatu bako hamabost errepublikanoren gorpuzkiak, eta hainbat plaka ipini dituzte, Urduñako kontzentrazio esparruan eta kartzelan hil ziren 225 hildakoren izenekin. Gehien-gehienak Extremadurakoak dira (Espainia). Dozena bat, Herrialde Katalanetakoak, eta bizkaitar bakarra dago.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua egon da han, eta nabarmendu du «herrialde honek» memoriarekin daukan konpromisoa: «Euskal lurretan errepresaliatu errepublikano bat aurkitzeko aukera dagoen bitartean lanean jarraituko dugu, izan euskal herritarra, andaluziarra, asturiarra, extremadurarra zein beste edonongoa».

Artolazabalek esan du omenaldia ez dela gorroto, mendeku edo «mamu zaharren» kontu bat, baizik eta duintasunarena, memoriarena eta justiziarena.

Itziar Biguri Urduñako alkateak azaldu du kolunbarioaren inaugurazioarekin ez dela ezer «amaitu», eta hilerrian hormigoi azpian oraindik dauden gorpuzkiak aterako dituztela orain.

Oraindik lana egiteko

Lourdes Herrasti Aranzadi zientzia elkarteko antropologoak adierazi du «goseagatik, miseriagatik, gaixotasunengatik eta abandonuagatik» hil zirela preso gehienak. Horrez gain, indusketen berri eman du. Aranzadikoek hilerri kanpoko nitxo biren arteko korridorea induskatu zuten, eta bertan aurkitu zituzten hamalau hobi. Esan duenez, proba genetikoak egin dizkiete gorpuzkiei, baina ez dute lortu bat ere identifikatzea. «Espero dezagun datorren etapan arrakasta gehiago izatea», adierazi du Herrastik.

Izan ere, alkateak iragarri du hilerriko nitxo bi horietan urduñarrak daudela, baina senideek baimena eman dutela lekuz aldatzeko. Hartara, horien azpian dagoen hormigoia altxatuko dute, bertako gorpuzkiak ateratzeko.

Iñigo Arregi artistak egindako Duintasuna eskulturaren erreplika bat da kolunbarioa, Elgoibarreko (Gipuzkoa) hilerrian ipinitakoaren modukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.