Hondakinak

Zubietako Arkaitzerrekan berriki izandako kutsatzea 2020koa baino «larriagotzat» jo du EAMek

Kloruro, amonio eta OEK (oxigeno eskari kimikoa) partikulen ezohiko maila handiak topatu dituzte egin dituzten ikerketetan.

Arkaitzerreka, kutsatuta, duela bi aste hartutako irudian. BERRIA
2022ko uztailaren 28a
17:27
Entzun

Duela 15 egun Zubietako erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan izandako kutsadura duela bi urte erreka berean izandakoa baino larriagoa izan zela ohartarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) ohar baten bidez. Orduan, ehunka arrain hilda agertu ziren errekasto berean, eta auzi bat irekita dago delitu ekologikoagatik. Usurbilgo Udalak eta mugimendu horrek hartutako laginak ikertu dituzte laborategian, eta kutsadura arrasto «kezkagarriak» topatu dituztela jakinarazi dute. EAMen ustez, segur aski, 2020ko maiatzetik erreka «erreta» dagoelako ez da hildako arrainik topatu oraingoan.

Aipatutako partikula horiez gain metal astunen kontzentrazio handia ere badela erakutsi dute ikerketek. Besteak beste, kobrea eta nikela. Arkaitzerrekatik hartutako ur kutsatuan, bi osagai horien kantitatea ur edangarriak izan dezakeena halako bi eta halako lau zen.

«Errausketaren Aurkako Mugimendukoek gogor salatzen dugu Zubietako Erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek ezarri duten isiltasuna», ohartarazi dute. Arkaitzerrekan izandako kutsatzearen inguruan, GHK-k adierazi zuen ez dela erraustegitik kutsatu, eta ikerketak egiten ari dela zer gertatu zen jakiteko. EAM kexu agertu da agintarien jarrerarekin: «Gipuzkoako herritarrek, hala nola erraustegia ate ondoan sufritzen dutenek, jasotzen dituzten albiste bakarrak herri mugimenduko boluntarioek lortutakoak dira. Agintariak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo, aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira».

Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek herritarrei eskatu die adi egoteko, «etsipenean» ez erortzeko eta mobilizatzen jarraitzeko. Usurbilgo Udalak ere antzeko ondorioen berri eman zuen aurreko astean, eta ohartarazi zuen «datuak nabarmentzeko modukoak» zirela. Udalak GHKri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die argitzeko kutsaduraren jatorria zein den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.