Enpresak

Bankuek interesen eta komisioen etekinen %4,8 ordainduko dute

Energia enpresa handiek beren fakturazioaren %1,2ko zerga berezi bat ordaintzea proposatu dute PSOEk eta UPk.

Patxi Lopez PSOEko Kongresuko taldeko burua, legegaiaren berri ematen, gaur, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 28a
19:27
Entzun

Kutxabanki ere egokituko zaio Espainiako Gobernuko alderdiek bankuei ordainarazi nahi dieten zerga berria pagatzea. PSOEk eta UP Unidas Podemosek atzo aurkeztutako legegaiaren arabera, zerga ordainduko dute maileguen interesetan eta komisioetan 800 milioi euro baino gehiago irabazten dituzten finantza erakundeek. Iaz, maileguen negozioak 559 milioiren etekinak eman zizkion Kutxabanki, eta komisioetan 471 milioi euro patrikaratu zituen. Aurten %30 handitzen ari da irabaziak.

Espainiako koalizio gobernua babesten duten bi taldeen proposamenak aurrera egingo balu, bankuek interesek eta komisioek emandako irabazien %4,8 ordainduko lukete. Bi urtez soilik egingo lukete, eta horrekin finantzatuko lituzkete inflazioari aurre egiteko hartutako hainbat neurri.

Zergaren aurka azaldu dira finantza erakundeen patronalak, AEB bankuena eta CECA aurrezki kutxena. Agiri bateratu batean, ziurtatu dute «ekonomiaren suspertzea trabatuko» duela zerga berriak, eta ez duela lagunduko inflazioari aurre egiteko.

Energia konpainien zerga berezia

Antzeko erreakzioa espero da energia konpainien aldetik. Horientzat pixka bat desberdina izango da PSOEk eta UPk proposatu duten zerga; Espainiako Erresuman egindako negozioa zergapetuko dute, %1,2ko tasa ezarrita, hain zuzen ere. Enpresa gutxi batzuk izango dira: 2019an beren Espainiako adarrek 1.000 milioi eurotik gora fakturatu zuten argindar, petrolio eta gas konpainiak, hain zuzen ere.

Zerga 2013ko urtarrilean da indarrean jartzekoa, eta 2022ko eta 2023ko salmentei eragingo die. 2023ko irailean kitatu beharko dute 2022koa, enpresek kontuak onartzeko astia izan dezaten, baina otsailean zati bat aurreratu beharko dute.

Energia konpainiek debekatua izango dute modu batera edo bestera zergaren kostua beren bezeroen bizkar jartzea. Espainiako Bankua eta CNMCk gainbegiratu beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.