Ingurumena

Fiskaltzak ikerketa bat eginarazi du Arkaitzerrekako kutsadura dela eta

Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa bat abiarazi du, uztailaren 13az geroztik Arkaitzerreka berriz ere kutsatuta dagoen ala ez argitzeko eta poluzioaren egilea nor den zehazteko.

Guardia zibilak, duela bi urte Arkaitzerrekan, ikerketak egiten. EFE.
inaki petxarroman
2022ko uztailaren 29a
10:48
Entzun

Uztailaren 15ean sinatutako dekretuak GuraSOSek bezperan fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuen salaketari erantzuten dio, plataforma horrek berak ohar bidez jakinarazi duenez. Atestatua egingo duela iragarri du Fiskaltzak, eta beharrezko eginbideak egingo dira kutsaduraren jatorria eta eragina jakiteko, bai eta horren erantzuleak identifikatzeko ere.

Kutsaduraren erantzukizunari dagokionez, GuraSOSek fiskaltzari jakinarazi zion errekastoko ura garbi zegoela instalazioetatik gorako ibai zatian eta, beraz, kutsadura instalazio horiek dauden plataforman gertatzen ari dela.

Hala ere, Usurbilgo Udalak lortutako ur laginen analisien lehen emaitzak jakin ondoren, GuraSOSek fiskaltzari adierazi zion begi bistakoa dela kutsadura handia egon dela eta horrek eragina izan dezakeela errekaren baldintzetan. Jakinekoa da 2020ko martxoan beste kutsadura larri bat gertatu zela erreka berean, eta arrain ugari hil zirela orduan. Kasu hori ere ikertzen ari dira, eta inputatuen artean dago Cesar Gimeno GHK-ko zuzendaria. Irailaren 16an deklaratu beharko du Gimenok Donostiako Epaitegian delitu ekologikoari buruzko auzian.

Usurbilgo Udalak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak agindutako ikerketan, amonio eta kloruro poluzio handia topatu dute, bai eta beste osagai kimiko kutsagarri batzuk ere, besteak beste, metal astunak: kobrea, nikela eta kromoa, esate baterako. GuraSOSen ustez, kutsaduraren jatorria bateragarria da TMB plantaren eta erraustegiaren jarduerak eragin dezakeenarekin, iragazketa gertatu den lekuan baitaude.

GuraSOSek jakinarazi duenez, prozedura zabaldu ostean, uztailaren 19an Guardia Zibileko Sepronako agenteak jardun ziren errekaren inguruan ikerketak egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.