Albistea entzun

Lehortea

Sikateetarako egokitzen

Ur falta eragin du azken hil hauetako sikateak. Busturialdean eta Lea-Artibain jarduera batzuetarako erabiltzea debekatu dute, eta, Busturialdean, edatekoa bermatzeko itsasontziz ekartzea aztertzen ari dira. Zenbait sektore ekonomikotan, gutxiago kontsumitzeko neurriak hartzen hasi dira.

Muruetako berotegiak.
Muruetako berotegiak. Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza -

2022ko abuztuak 1

Maiatzetik euri gutxi egin du Bizkaian. Oso lehor doa uda, eta toki batzuetan hasita daude ur falta nabaritzen. Halakoetan arazoak izaten dituzte Busturialdean eta Lea-Artibain, eta aurten ez da gutxiago izan: ura modu arduratsuan kontsumitzeko eskatu die Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak. Besteak beste, udalei agindu die kaleak garbitzen eta lorategiak ureztatzen urik ez gastatzeko, eta baita herritarrei debeku batzuk ezartzeko ere. Udal batzuek gutunak bidali dituzte etxeetara: galarazi egin dute igerilekuak betetzea, ortuak eta lorategiak ureztatzea eta autoak garbitzea, besteak beste. Busturialdean egon ez arren mugakide den herri batean ere, Arrietan, debeku berak ezarri ditu udalak. Karrantzan, ura tentuz erabiltzeko gomendatu diete bizilagunei, euria ganoraz egin ezean hornidura eten behar izateko arriskua egon daitekeela eta.

Lea-Artibaiko arazoak amaitzeko, ur hargune berrien bila dabil partzuergoa; batzuk topatu ditu, baina gehiago behar ditu. Busturialdean, berriz, bestelako konponbidea topatu du: eskualdea Zadorrako sistemarekin lotu nahi du, eta, horretarako, Sollubetik Mungiara arteko hodia eraiki nahi du 2025erako. Ure Urre plataformak txarretsi egin du proiektu hori; uste du ura tokian-tokian kudeatu behar dela, urrunetik “azpiegitura erraldoien” bidez ekarri beharrean, eta iruditzen zaio Busturialdean behar beste ur dagoela, arduraz kontsumituz gero. Gernika-Lumon dago akuiferorik handiena, eskualdea urez hornitzen dutenetako bat, baina alde batzuetan kutsatuta dago, industriaren isuriengatik. Ur hori ere aprobetxa daitekeela uste du plataformak: esaterako, kaleak garbitzeko, ur edangarria erabili ordez. Uraren Euskal Agentzia akuiferoko ur kutsatua garbitzeko metodo bila dabil.

Bien bitartean, daukatenarekin moldatu beharko dute. Momentuz, egungo eskasiari konponbidea emateko, partzuergoa ura itsasontziz eroatea aztertzen ari da. Bizkaitik bertotik eroango litzateke: partzuergoaren sarerako sarbidea duen kostaldeko tokiren batean beteko lirateke itsasontziak, eta Bermeora eroango lukete ura, handik eskualdeko hornidura sarearen bidez zabaltzeko. Itsasontzi batek hirurehun kamioik beste ur eroan dezake, eta, hala, Busturialdeko errepideak kamioiz betetzea saihestu gura du partzuergoak. Haien ustez, neurri horren bidez, ez litzateke beharrik egongo zerbitzua eteteko. Baina, hala ere, debekatuta egongo litzateke ura zenbait jardueratarako erabiltzea.

Klima aldaketaren ondorioz, litekeena da datozen urteetan sikateak eta ur emari txikiak gero eta sarriago gertatzea. Bizkaia hornitzen duten urtegi handiak gaur-gaurkoz maila onean daude —%72, asteon—, baina horrek ez du zertan beti hala izan. Horregatik, kontsumoa murriztea ezinbestekoa izango da, Uraren Euskal Agentziaren arabera: gutxiagorekin bizitzen eta lan egiten ikasi beharko da. Azken hamarkadetan, ahalegina egin da etxeetan, industrian eta nekazaritzan ahalik eta ur gutxiena baliatzeko. Kontsumo estatistiketan nabaritu da aldea. Espainiako Estatistika Institutuarenak dira datuak: 1990eko hamarkadaren hasieran, bizkaitar bakoitzak, batez beste, 175 litro inguru kontsumitzen zituen egunean; gaur egun, berriz, 110 litro dira.

Ur gehien industriak erabiltzen du, eta gehien kontsumitzen duten enpresak aspaldi zarratu zituzten; besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak. Orain lanean dabiltzanek egokitzapen lanak egiten dituzte, kontsumoa txikitzeko. Esaterako, Busturialdeko fabrika nagusietakoa da Maier kooperatiba: autoentzako piezak egiten dituzte. Ekoizpen sarean, hozteko behar dute ura. Gutxiago kontsumitzeko eta berrerabiltzeko neurriak hartu dituzte, eta plan bat osatzen dabiltza. Beste arlo batzuetan ere ari dira lanean.

Busturialdean eta Lea-Artibain garrantzia du kontserba industriak. Ur asko behar dute, arraina garbitzeko, egosteko eta esterilizatzeko. Ez da erraza gutxiago kontsumitzea, baina ari dira neurriak hartzen. Bermeoko Serrats fabrikak 60-65 metro kubiko kontsumitzen ditu egunero. Enpresako Ingurumen arduradun Estibaliz Gaubekak azaldu duenez, esterilizazio prozesuan ur gutxiago kontsumitzeko sistema bat ezarri dute. “Prozesu horretan, produktua tenperatura altuan jartzen da, eta gero hoztu egin behar da azkar-azkar urarekin. Ur hori bota egiten izan da orain arte, produktuarekin kontaktuan egoten zelako. Sistema berriarekin, kontaktu hori saihesten da, eta ur hori berrerabili egin daiteke”. Horrez gainera, ur beroa hozteko sistema bat ere ezarri dute, ur beroa hoztu eta hotz bezala erabili ahal izateko. Esterilizazioan ur kontsumoa erdira murriztea lortu dute. Orain, gesala garbitzeko tratamendu bat probatzen ari dira, ur zikin gutxiago sortzeko.

Neurri horiek hartu dituzten bakarrak dira Serrats kontserba enpresan, baina Gaubekak esan du guztietan edo gehienetan dabiltzala aldaketak eta egokitzapenak egiten: “Kostu handia sortzen du uraren, argindarraren eta gasaren kontsumoak. Ur zikin asko sortzen dugu, eta hori ere saihestu behar dugu. Eta ur faltaren kontzientzia ere badugu”.

Bizkaigane abeltzainen kooperatiba Errigoitin dago. 73 hektareatan, ardiak eta behiak hazten dituzte, esnea eta esnekiak ekoizteko. Endika Garcia kooperatibako kidea larritu egin da partzuergoaren aginduen berri jakitean: “Ura eteten hasiko balira, arazoak izango genituzke”. Izan ere, abereek derrigor behar dute ura. Ardiek gutxiago edaten dutela azaldu du: “Behar duten ur gehiena belarretik jasotzen dute. Behiek, ordea, ur asko eskatzen dute”. Hala ere, abeltzaintza ekologikoa da haiena, eta ez dute ustiategi intentsiboetan daukaten ur premia bera. Maneiuak asko aldatu dezake behar duten ur kantitatea.

Ura behar dute gaztandegian ere. Higiene neurri zorrotzak bete behar dituzte; dena behin eta berriro garbitu. Garbiketa produktuak erabilita ere, ura ezinbestekoa da. Eta ezin dute gutxiago erabili; bestela, higienea arriskuan ipiniko lukete. “Etikaren aldetik, pentsatzen duzu ahalik eta ur gutxien erabili behar dugula, baina ohartzen zara ezinezkoa dela”.

Garciak esan du beraientzat zaila dela kontsumoa murriztea. Are gehiago: bero egiten duenean eta belardiak lehor daudenean, ur gehiago edaten diete abereek. Beraz, eskasia dagoenean behar izaten dute ur gehien abeltzainek. “Baserrian orain dago behar handiena. Ortuak, esaterako, orain ureztatu behar dira, aspaldian ez duelako euririk egin ganoraz. Gainera, beroagatik enbata sortzen bada, orain bezala, haizeak erre egiten du dena”.

Ikusi dute mendiko iturrietatik ur gutxi irteten dela. Sikatea ohi baino goizago etorri dela esan du, eta iruditzen zaio luzarorako kontua izango dela. Uste du arazoa gero eta larriagoa izango dela, eta denek neurriak hartu beharko dituztela egoera berrira egokitzeko. Bizkaiganen inbertsio handia egin zuten pabiloi berriko teilatua egitearekin batera: euri ura jasotzeko sistema bat jarri dute, eta lurpean biltegi handi bat daukate. Halere, ezin diete animaliei eman edateko; ortua ureztatzeko erabiltzen dute.

Besteak beste, lore eta landareak saltzen ditu Muruetako Murueta Lorategiak. Berotegian hazten dituzte landareak. “Gurean, ura franko behar dugu beti; bestela, ezin dugu lanik egin”, esan du Nekane Torrontegik. Uda parte hau ez da kontsumo handieneko sasoia normalean, landare gehien otsailetik ekainera saltzen baitituzte, jendea lorategiak eta balkoiak apaintzen hasten denean. Hala ere, udan landare gutxiago eduki arren, egun beroak asko badira kontsumoa nabarmen hazten zaiela esan du.

“Guk ez dugu Muruetako urik erabiltzen ureztatzeko”, argitu du. Ur biltegi bat dute, berotegia sortu zenetik. Euri ura batzen dute han, eta lurpeko putzu batetik ere hartzen dute. Ureztatzean erortzen den ura berriz biltzen dute biltegian. Ureztatze sistema monitorizatuta daukatela jakinarazi du. Eguraldiaren eta tenperaturaren arabera, gehiago edo gutxiago ureztatzen dituzte landareak: egun lainotuetan, egunean bitan ureztatzen dituzte; egun beroetan, bost aldiz. Tantakako sistema daukate ezarrita, gainera, ahalik eta ur gutxien erabiltzeko. Torrontegik ez du ikusten gutxiago kontsumitzeko modurik. “Hemen bero egiten du, eta landareek ura franko behar dute”.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader, atzo egin zuten agerraldian, Onkologikoaren aurrean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arta «integralaren» eskean

Arantxa Iraola

Onkologikoko pazienteek eratutako elkarte bat plazara atera da; kezkatuta daude zentroan gaixoen arretak izan duen «bilakaeraz». Manifestazio bat egingo dute langileekin batera, hilaren 15ean
Euskararen Egunaren harira Elgoibarren 2015ean eginiko egitasmo bat. ©BARREN.EUS

Aterki bat euskaltzaletasunari

Julen Aperribai

Euskara elkarteen baturatik sortu bazen ere, mugimendu izaera hartu zuen Euskaltzaleen Topaguneak 2012an. 25. urteurrena ospatuko du gaur Donostian, gaurko erronketan begia jarrita

45 minututik bost ordura

A. Iraola

Olatz Mercaderrek berriki jaso du arta Onkologikoan; ama 2012an zendu zitzaion, han arta jasota. Alde argiak ikusi ditu, pazienteen arreta egokiaren kalterako.
Emun kooperatibaren 25. urteurrenaren ekitaldia, atzo, Arrasaten. ©JON URBE / FOKU

Emun, 25 urte eraldaketan

Irati Urdalleta Lete

Emun kooperatibak 25. urteurreneko ekitaldia egin du Arrasaten. Eraldaketaren beharraz aritu dira, eta hura bizi edo eragin duten zenbait pertsonaren esperientziak bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...