Albistea entzun

Oihana Goiriena

«Desesperagarria da; gainera, ez dakigu zer etorriko den»

Poloniak otsailean atxilotu zuen Pablo Gonzalez kazetaria, Oihana Goirienaren bikotekidea. Emazteak dio Espainiaren babesa eta komunikazioa falta dituela; kasurako, Kanpo Harremanetarako ministroak ez ziola deitu Polonian egon ostean

«Desesperagarria da; gainera, ez dakigu zer etorriko den»
«Desesperagarria da; gainera, ez dakigu zer etorriko den» Tamaina handiagoan ikusi

Natalia Salazar Orbe - Bizkaiko Hitza -

2022ko abuztuak 1

Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria, Polonian. Errusiako inteligentzia zerbitzuen espioi izatea leporatzen diote. Ordutik kartzelan daukate, eta familiak ezin izan du hitz egin harekin. Oihana Goiriena (Gernika-Lumo, 1975) bikotekideak esan du harekin berbarik ezin izatea egin dela okerrena.

Bost hilabete pasatu dira jada Pablo Gonzalez atxilotu zutenetik. Zer-nola zaudete?

Egunetik egunera aurrera egiten ari gara. Orain, udan, apur bat errazagoa egiten da. Jaiak datoz, eta umeak entretenituago daude: batean hondartzara, bestean portura… Alde horretatik, azkarrago doa denbora. Hala ere, galdera gehiago egiten dituzte, ardura gehiago dute: “Zergatik ez dugu berbarik egiten aitagaz? Noiz etorriko da?”, galdetzen dute. Eusten ari gara.

Zuek nola izan zenuten atxiloketaren berri, eta nolakoak izan ziren haren berri izan arteko egunak?

Hark eman zidan niri atxiloketaren berri. Telefonoz deitu zidan, otsailaren 28ko 07:00 aldera, esateko atxilotuta zegoela, Poloniako zerbitzu sekretuen bulegoetan zegoela eta abokatuari eta bere amari abisatzeko. Ondo zegoela esan zidan, kafea ere eman ziotela, baina orduak zeramatzala bertan. Dei haren ostean ez genuen jakin besterik, Espainiak Polonian duen kontsulak martxoaren 7an lehen bisita egin zion arte. Ikusi zuen ondo zegoela, tratu txarrik ez zuela jaso. Orduan ja lo egin ahal izan genuen.

Zein da azken berria? Zer moduz dago?

[Uztailak 13koa] da azken berria. Laugarren bisita egin zion kontsulak orduan. Esan zigun oso argalduta topatu zuela, baina osasungarri jaten duela eta kirol asko egiten duela. Azaldu zigun ez dela kexatzen kartzelako bizimoduagatik, Poloniako sistema judizialagatik baizik, oso astiro doalako. Esan zion gu guztioz gogoratzen dela eta eskerrak ematen dituela laguntza guztiagatik. Batez ere, osasun aldetik ondo dagoela eta kontsulak animoz ondo topatu zuela esan zigun. Izango ditu gorabeherak, noski; itzelak.

Gutun bidez ari zarete harekin?

Komunikatu, txarto. Gutunak bizpahiru hilabeteko atzerapenagaz heltzen zaizkio. Eta guri harenak ere bi hilabeteko atzerapenagaz heltzen zaizkigu. Gaur [uztailak 19] iritsi zaigu beste gutun bat, beste gutun pakete bat. Baina aspaldikoak dira, maiatz bukaera eta ekain hasierakoak. Albisteak ez dira freskoak.

Inkomunikatuta dagoela salatu izan duzue.

Ofizialki ez, baina praktikan hala dago. Berba bidezko inkomunikazioa dauka. Gutunak hasieratik idatzi ahal dizkiogu, eta hark ere berdin, baina ez digute ematen baimenik telefonoz berba egiteko eta bisitatzeko. Beraz, alde horretatik inkomunikazioa ezarria du.

Abokatuak zer esaten dizue prozesuari eta espero daitekeenari buruz?

Ezin du berbarik egin. Ezin digu ezer esan. Abokatuak esaten du berak kasuari buruz informazioa emanez gero, bera ere kartzelara eraman dezaketela. Sumarioaren sekretupean dago kasua.

Joan den astean Bizkaiko Batzar Nagusiek elkartasuna adierazi zioten Pablo Gonzalezi, eta erakundeei eskatu zieten haren eskubideen alde agertzeko. Zer iruditzen zaizu adierazpen hori?

Asko eskertzen da. Beste aurrerapauso bat da. Lehenengo Nafarroako Parlamentuak egin zuen, gero Eusko Legebiltzarrak eta orain Bizkaiko Batzar Nagusiek. Zenbat eta era horretako adierazpen gehiago, hobeto. Ea Espainiako Kongresura heltzen den, eta antzeko zerbait onartzen duten.

Bizkaiko Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatu diote Poloniako agintarien aurrean aldarrika dezala Pabloren eskubideak errespetatzeko eta berme guztiak izango dituen prozedura izan dezan beharrezko izapideak egin ditzala. Egin dezaketen guztia egiten ari al dira?

Nik ez dut ikusten emaitzarik. Nafarroako Parlamentuan egon ginenean, bertako alderdi sozialistako bozeramaileak esan zigun diplomazia kontuak diskretuki egin behar direla, eta Espainiako Gobernua ari dela lanean. Nik ez dakit dabilen ala ez; emaitzarik ez da ikusten. Bost hilabeteko lan diplomatikoaren emaitza gutun batzuk badira, zer esango dizut… Ez gara ari eskatzen Pabloren aldeko defentsa lana egitea; hori egingo du abokatuak. Eskatzen duguna da eskubideak errespetatzea eta Espainiako Gobernuak Poloniakoari exijitzea han dagoen herritar baten eskubideak errespetatzeko, besterik ez.

Espainiako Gobernuarekin harremanik izan al duzue?

Ez. Nik harreman bakarra Espainiak Polonian duen kontsulagaz daukat. Harengandik lortzen dut bikotekidearen egoeraren berririk zuzenena.

Sumatu al duzue Espainiako Gobernuaren babes faltarik?

Batez ere, babesa, baina komunikazioa ere bai. Alvares ministroa [Espainiako Kanpo Harremanetarako ministro Jose Manuel Alvares Bueno] Poloniara joan zenean, bertako Kanpo Harremanetarako ministroagaz egon zen, eta, bueltatu zenean, adierazi zuen nire bikotekideak eskatu zuela hau guztia isilpean gordetzeko. Hori ez da egia. Pablok gutunetan esaten duena guztiz kontrakoa da. Kontsularen bitartez esaten duena ere ez dator bat horrekin. Horiek esan ostean, eskertuko nukeen Alvaresek niri sikiera esatea zer elkarrizketa izan zuen bertako Kanpo Harremanetarako ministroagaz. Haren emaztea naiz. Familiari gutxieneko informazio hori ematea badagokio, ezta? Gutxienez, Madrilen dei baten falta sumatu dut.

Egoera hori latza izango da zuentzat.

Bai. Batez ere, Pablogaz berbarik ezin izatea egin. ETAko kide izateagatik preso egon den ezagunen bat badaukat, eta esan didate telefono deiak arautuak izaten zituztela. Guk bost hilabete daramatzagu halakorik barik. Seigarren hilabetea hasiko da, eta berdin jarraitzen dugu. Alde horretatik, desesperagarria da. Gainera, ez dakigu zer etorriko den.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.