Espainiako Gobernuaren hitzaren inguruan «eszeptikoa» da Jaurlaritza

Rodriguezek azaldu du balitekeela aldiriko trenen gaineko eskumena urrian eskualdatzea. Garamendi kexu da Madrilen «borondate faltagatik».

Olatz Garamendi eta Isabel Rodriguez, gaur, Leioan (Bizkaia). MIGUEL TOñA / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 29a
18:19
Entzun

«Uste dut nahiko denbora pasatu dela gaiak mahai gainean daudenetik, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk gaur goizean esandakoak dira horiek, Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendi eta Espainiako Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguez elkarrekin bildu aurretik. Garamendik eskatuta eseri dira biak mahaian, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzien auzia argitzeko. Bi aldeek jakinarazi dutenez, baliteke urrian ixtea aldiriko trenen kudeaketaren ingurukoa, eta uda ostean helduko diete itsasertzaren antolamendu eta migrazio eskumenen inguruko negoziazioei.

Urkulluk argi hitz egin du. Negoziazioak ez aurrera ez atzera daude, eta Madrilek azken asteetan esandakoek ez dute lagundu egoera baretzen. Hala, ministroari eskatu dio «argitzeko» zer esan nahi duten Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Espainiaren egoeraren inguruko eztabaidan esandakoek. Sanchezek adierazi zuen zenbait ministeriok ez dutela bat egiten Jaurlaritzak eskumenak eskualdatzeko aurkeztutako proposamenekin. Lau aipatu zituen presidenteak: meteorologia, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, Zinematografia Babesteko Funtsa eta atzerritarren lan baimenen kudeaketa.

Hala, lehendakariak Rodriguezi exijitu dio azaltzeko ea Espainiako Gobernuak «askatasuna» ematen ote dien ministerioei negoziazioak «errazteko edo zailtzeko». Gogoratu du estatutua lege organiko bat dela, eta, eskumen bakoitzak negoziaziorako esparru bat behar duen arren, hura «derrigorrez bete beharrekoa» dela: «Zain jarraitzen dugu, Espainiako Gobernuaren mahai gainean dauden lau gai planteatu genituenetik hilabete asko igaro diren honetan. Beste bost gairen balizko negoziazioa ere eskaini dugu, eta ez dugu erantzunik», salatu zuen Urkulluk.

Baina erantzun argirik gabe jarraituko du Jaurlaritzak. Bileraren ostean Garamendik azaldu duenez, Rodriguezek ez dio argibiderik eman urte hasieran egindako proposamenen inguruan, eta salatu du oraindik ere erantzun ofizialik gabe jarraitzen dutela; Sanchezek Kongresuan esandakoez harago.

Sailburuak uste du Jaurlaritzak «denbora asko» daramala entzuten, benetako ekintzarik ikusi gabe, eta negoziazioetan «biraketa bat» egiteko baliatu nahi zuen bilkura. Horren ordez, lanean jarraitzeko asmoa adierazi dio ministroak, eta iritsi daitekeenaren berri eman. Batetik, aldiriko trenen inguruko akordioa ixtear egon daitezkeela ─jada zenbait linea Jaurlaritzaren esku daude─. Bestetik, uda ostean migrazioaren eta itsasertzaren antolamendu eskumenen inguruan negoziatzeko prest dagoela Madril.

Adierazpen horien inguruan, ordea, «eszeptikoa» da Garamendi. Haren ustez, «borondate politiko falta» da oraindik Gernikako Estatutua bete ez izanaren arrazoi bakarra, eta ez Madrilek arrazoitutako «arazo juridikoak». Haren esanetan, egindako proposamen guztiek estatutua dute oinarri, eta, beraz, «bideragarritasun juridiko osoa». Zehazki, itsasertzaren antolamenduaren ingurukoez mintzatu da. Kudeaketaren xehetasunak adostu beharko dituzte bi aldeek. Urrats hori, ordea, bi gobernuen arteko batzordeetan egin behar dela uste du sailburuak, akordioa itxita.

31 oraindik

Sanchezek Espainiaren egoerari buruzko eztabaidan aipatutako lau proposamenak Garamendik urte hasieran egindakoak dira. Horiek aurkeztu izana arrazoitzeko, Madrilen mugimendu falta argudiatu zuen Jaurlaritzak. Izan ere, 2020aren hasieran Espainiako Gobernuak aurkeztutako kronograma «iraungitzat» jo dute. Pandemiaren eraginez, hura bmoldatu egin zuten, baina, halere, ezarritako helburuetatik urrun geratu da. Maiatzerako eskualdatuta edo, gutxienez, bideratuta egon behar zuten jasotako eskumen guztiek. Gaur egun, ordea, 31 geratzen dira egiteko.

Sanchezek onartu egin zuen Kongresuan. Prozesua «paralisi» egoera batean dago. Egutegia ezarri zenetik, eskumen gutxi batzuk eskualdatu dira, Jaurlaritzaren arabera. Azkenak, iazko uztailean: espetxeen kudeaketa, ISSN Argitalpen Seriatuaren Nazioarteko Zenbaki Normalizatuaren adjudikazioa eta errepide garraioei buruzko zenbait baliabide. Horiei, bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa gehitu behar zaie. Ez dago kronograman jasota, baina EAJk eta Moncloak 2020an adostu zuten eskualdatzea; aurtengo martxoan gauzatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.