COVID-19

Iparraldean kendu egin dituzte COVID-19aren aurkako neurriak

Gaurtik aurrera ez da beharrezkoa izango osasun pasaportea eta konfinamendua egitea. Hala ere, 2023ko martxoaren 31ra arte, gobernuak 12 urtetik gorako herritarrei PCR proba negatiboa exijitu ahal izango die mugetan, aldaera arriskutsu bat agertuz gero.

Liburudenda bateko bezeroak musukoa jantzita. MARTA PéREZ / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 1a
10:41
Entzun

Joan den asteartean, Frantziako Parlamentuak COVID-19aren aurkako neurriak amaitzeko lege proiektua onartu zuen. Hori horrela, gaurtik aurrera Ipar Euskal Herrian ez da beharrezkoa izango osasun ziurtagiria eta COVID-19aren aurkako salbuespenezko beste neurri batzuk hartzea.

Lege proiektuak aldeko 209 boto, kontrako 30 eta 104 abstentzio jaso zituen. Horren arabera, ez da beharrezkoa izango COVID ziurtagiria eta konfinamendua egitea abuztuaren 1etik aurrera. Etxeratze agindua ere bertan behera gelditu da. Neurriak baliogabetzea onartu bazen ere, 2023ko martxoaren 31ra arte, Gobernuak 12 urtetik gorako herritarrei PCR proba negatiboa exijitu ahal izango die mugetan, aldaera arriskutsu bat agertuz gero.

Era berean, itsasoz haraindiko lurraldeetarako ere PCR proba negatiboa eskatuko dutela aurreikusten da, baina, kasu horretan, ospitaleak gainezka egonez gero. Testuak bi mekanismo ere zabaltzen ditu: lehena, positiboen jarraipenari buruzkoa, urtarrilaren 31ra arte; eta bigarrena, testen emaitzak zentralizatzen dituen sistema, ekainaren 30era arte.

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak «gobernua garaitu nahi izatea» leporatu zion oposizioari duela bi aste, Asanblea Nazionalean egindako lege proiektuaren lehen bozketa baten ostean.

Intzidentzia behera Hegoaldean
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu ditu uztaileko azken asteko datuak: 53 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren ondorioz, eta 428 pertsona daude ospitalean gaixotasun horrek jota; horietatik hemeretzi, ZIUetan. Guztira, 2.730 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak 25etik 31ra. Hala ere, 14 eguneko intzidentzia tasa metatua nabarmen jaitsi da tarte horretan, 100.000 biztanleko 444tik 310era.

Joan den astean, Nafarroako Gobernuak ere adierazi zuen intzidentziak behera egin zuela: %55 aurreko astearekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.