Gerra Ukrainan

Nafarroako Erresuma sartu dute Errusiaren propaganda gerran

Errusiako Nazio Askeen Foruma egin dute Pragan, eta herrialdea deskolonizatzeko mapa bat marraztu dute. Errusiako sare sozialetan erantzun diete, Europan kolonialismoa amaitzeko proposamen batekin.

Errusiako sare sozialetan zabalduriko mapa; Nafarroako Erresuma eta Akitaniako Errepublika Federala agertzen ditu. ORDINARYCZARISM
Edu Lartzanguren.
2022ko abuztuaren 1a
13:29
Entzun

Mapa bat bolo-bolo zabaltzen ari da Errusiako Telegram sarean, eta, ingelesezko bertsioan, Reddit eta bestelako sare sozialetan. Europaren deskolonizazioa du izenburu, eta egileek adierazi dutenez, «Europa osteko estatu askeen» mapa da. Horretan, Nafarroako Erresuma berpiztu dute nolabait, eta hegoaldera zabaldu dute, orain Aragoi eta Espainiako beste lurralde batzuk diren eremuetara Iparraldea Akitaniako Errepublika Federal batean sartu dute, argitu gabe federazio hori nola osatuko den.

«Milaka urtez, Europako inperialistek nortasun independenteak zapaldu, asimilatu, eta preso gorde dituzte», idatzi dute maparen egileek, hau da, Ordinaryczarism (tsarismo arrunta) kontuko kudeatzaileek. Ukrainaren inbasioan Errusiaren ikuspegia eta hango armadaren aldeko propaganda zabaltzen dute. «Orain da garaia 'Ez' ozen bat esateko. Errusiaren bota askatzaileak Europa deskolonizatuko du».

Mapak errealitate nazionalak eta parodia nahasten ditu. Irlanda baturik agertzen da, eta Eskozia, independente, esaterako. Kataluniak «Herri Errepublika» izendapena dauka. Beste izendapen batzuek, berriz, Errusiako inperialismoak Europako eskuin muturrarekin partekatzen dituen mamuak islatzen dituzte: Londresko eta Parisko emirerriak agertzen ditu, adibidez, eta Erroma eta Napoli (Italia) «Estatu Islamikoak» dira. Askok nabarmendu dutenez, mapan Finlandia eta Baltikoko Herrialdeak «Errusia» dira.

Mapa hori mundu fisikoan gertaturiko ekitaldi bati erantzunez egin dutela esan daiteke.

Joan zen astelehenean, Errusiako Nazio Askeen bigarren foroa amaitu zen, Pragan. Han, Errusian dauden gutxiengo nazional batzuetako ordezkariak bildu ziren, eta «Errusia deskolonizatzeko» adierazpen bat onartu zuten.

Errusiako oposizioaren hainbat ordezkarik hartu zuten parte. Tartean zen Pavlo Klimkin, 2014tik 2019ra Ukrainako Atzerri ministro izan zena. Garry Kasparov xake txapeldun eta Putinen aurkako opositoreak eta Ivan Tyutrin Errusiako Solidarnost mugimenduko zuzendari ohiak sortu zuten foroa, Lituanian, 2016an. Lehen foroa maiatzean egin zuten, Varsovian, eta hurrengoa Klaipeda hirian egingo dute, Lituanian.

«Errusiako oposizioko buruzagi ospetsuek Kremlin gaiztoa Kremlin zintzo batekin ordezkatu nahi dute». Horrela definitu du foroak bere helburua Pragako bileran. Horretarako, ordea, Errusia berriz antolatu behar dela uste dute, errotik, «deskolonizaturik, inperiogabeturik eta putingabeturik».

Vladimir Putin Errusiako presidentearen «politika erasokorrak», Europako «azken 80 urteotako gerrarik handiena» eragin duela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, Errusiako Federazioko herri guztiek dute «autodeterminazio politiko, ekonomiko eta kulturalerako eskubidea». Nazio Batuen Erakundeak autodeterminazio eskubidearen inguruan ebatziak dituen agiriak hartu dituzte erreferentzia gisa.

Foroak mapa hau argitaratu du, Errusia deskolonizatua nola geratuko litzatekeen adierazteko. Errusia 34 estatutan banatuta agertzen da.

Baina mapa gerra hau ez da azken egunek ekarri duten informazio gatazkaren adibide deigarri bakarra. Errusiara bizitzera joateko garaia da, izenburupean, iragarki turistiko bat parodiatzen duen bideo bat zabaldu zen joan zen astean, Errusiako sare sozialetan lehenbizi, eta mundu osoan gero.

Bideoan, ingelesez errusiar ahoskera parodiatzen duen esatari batek Errusiako sukaldaritza, literatura, «balio tradizionalak», «kristautasuna», eta «emakume ederrak» goraipatzen ditu. Horrez gain, han gas merkea ere badagoela gaineratzen du, eta «milaka zigorri eusten dion ekonomia». Bideoak barre egiten dio Europako hainbat herrialdek hurrengo hilabeteetan gasaren hornikuntzarekin paira ditzaketen arazoei, Errusiak erregaiaren esportazioaren iturria itxi duelako, zigorrei erantzuteko. Game of Thrones telesaileko leloa erabilita, «badator negua», ohartarazten du esatariak, eta Errusiara bizitzera joatera gonbidatzen du.

Europako mapa eta bideoa sare sozialetan ohikoak diren meme zirikatzaile gisa uler daitezke, noski. Ez dago argi nortzuk dauden horien atzetik, umoregile batzuk besterik ez diren edo Errusiako Estatuko propaganda aparatuko parte, edo bien nahasketa bat. Baina esanguratsua da Errusiako diplomazialariek ere bideoari sostengua eman izana. Moskuk Espainian duen enbaxadak, esaterako, bideoa zabaldu du bere kontu ofizialetik.

Beraz, negua badator, eta pentsatzekoa da propaganda gerra berotu egingo dela. Euskaldunak, badaezpada ere, hasi beharko lirateke aztertzen euskaren zonifikazioa nola hautsi, eta euskara nola egin erabat ofizial... Aragoi osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.