Musika

'Txoria txori' Salvador Sobral abeslariak abesturik

Salvador Sobral abeslariak Txoria txori abestiaren bere bertsioa jarri du sare sozialetan. Ez da Mikel Laboaren kantua abesten duen lehen aldia. Musikariak Eurovision abesti lehiaketa irabazi zuen 2017an.

Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 1a
15:21
Entzun

Salvador Sobral abeslari eta musikariak bideo bat zabaldu du sare sozialetan Mikel Laboaren Txoria txori kantua abestuz. Musikariaren izena 2017an egin zen munduan ospetsu, Eurovision abesti lehiaketa irabazi baitzuen Amar pelos dois abestiarekin. Momentu gogoangarria izan zen Portugalentzat, herrialdeak lortutako lehen garaipena izan baitzen.

Salvador Sobral Lisboan jaio zen, 1989ko abenduaren 28an. Psikologia ikasketak egiten hasi zen, baina Erasmus beka baten bitartez Palmara joan zen (Balearrak), eta hango tabernetan kantatzeari ekin zion, ikasketak utzita. 2010ean Bartzelonara joan zen, Taller de Musics-en ikastera, eta bertan lizentzia lortu zen.

Musikari dagokionez, batez ere jazz musika egiten du Chet Bakerren estiloan, bossa nova, Chico Buarque eta Caetano Velosoren estiloan, eta Latinoamerikako erritmoak lantzen ditu. 2014an Venezuelako musikariz osaturiko Noko Woi taldean airtu zen. Bi urte geroago, 2016an, Lisboara itzuli, eta, Julio Resende piano jotzailearekin batera, Excuse Me diskoa kaleratu zuen.

Disko horretaz gain, Excuse Me (Ao Vivo) (2017), Paris, Lisboa (2019) eta bpm (2021) dauzka.

Euskaraz abesten

Ez da abeslariak Txoria txori abesten duen lehen aldia. Eurovision irabazi ostean, osasun arazo batzuek agertokietatik kanpo utzi zuten lau hilabetez, baina 2018an eszenatoki gainera itzuli zen berriro ere. Urte hartan, Donostiako Jazzaldian izan zen, eta aho bete hortz utzi zituen zaleak, Txoria txori kantua abestuz. Horien erantzuna ikusita, 2020an ere berriro abestu zuen.

Dagoeneko 75.000 ikustalditik gora eta 2.000 atsegin dut-etik gora dauzka Twitterren jarri duen bideoak. Instagramen jarritakoak, berriz, 3.000 atsegin dut baino gehiago ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.