euskal presoak

Etxerat-ek dei egin du igandean salbuespen politikaren aurka mobilizatzeko

Elkarretaratzeak egingo dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan. 

Etxerat-en agerraldia, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 2a
13:35
Entzun

Etxerat elkarteak igandeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du: «Beharrezkoa delako euskal gizartea aktibatzea, behin betiko amaitu daitezen Espainiako eta Frantziako estatuak oraindik aktibo dituzten presoen aurkako salbuespen neurriak». Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan egingo dituzte elkarretaratzeak, Salbuespen politikari stop! Etxean eta bizirik nahi ditugu lelopean.

Donostian egindako prentsaurrekoan, uztailaren 17an Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek Roazhongo espetxera (795 kilometro) bidean izandako istripua gogoratu dute, eta adierazi salbuespen politikek eragindako sufrimenduaren adibide dela. Izan ere, salatu dute azken hiru hamarkadetan presoei ezarritako «ezohiko erregimenen», «isolamenduen» eta «urruntze sistematiko eta orokorren» biktima izan direla senide eta lagunak ere. «Sufrimendua, gastu ekonomiko handia, ehunka zauritu eta hamasei pertsona hil baitira dispertsioaren erruz».

Azaldu dute ezin direla beste hiru hamarkada itxaron «blokeoak eta eskubideen urraketak gainditzeko», eta urratsak eskatu dituzte presoen egoera onbideratzeko. Izan ere, 177 euskal presoetatik 88 daude Euskal Herriko kartzeletan. Hau da, oraindik 72 Espainiako espetxeetan daude, eta beste hemezortzi Frantziakoetan. Etxerat-en arabera, horietatik 27 daude hirugarren graduan, nahiz eta 122k izan beharko luketen. Berdin espetxe baimenekin ere: 151 euskal presok dute horretarako eskubidea, elkarteak azaldu duenez, baina horietatik seiri bakarrik eman dizkiete.

Etxerat-ek ezinbestekotzat jo du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi presoak eta 65 urtetik gorako beste hamazazpiak askatzea. Era berean, salatu dute Jakes Esnalek, Jon Kepa Parotek eta Unai Parotek 32 urte baino gehiago daramatzatela kartzelan.

Bizikidetzaren eraikuntza «mugarik gabe» atzeratzen duten oztopoak dira horiek, Etxerat-en esanetan, eta aldaketak eskatu ditu espetxe politikan: «Dagozkien eskubideak dira, eta euskal gizarteak ezin du onartu eskubide hauek behin eta berriz urratuak izatea».

Igandeko mobilizazioak eta Sarek hiriburuetan deitutakoak «azkenak» izatea nahi du elkarteak: «Horrek esan nahiko baitu amaiera emango zaiola salbuespenari, presoak eta erbesteratuak Euskal Herrian eta etxean egongo direla». Etxerat-ek azaldu du horrek esan nahi lukeela «konponbidearen eta bizikidetzaren ziklo berri horretan» murgildu dela gizartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.