Indarkeria matxista

Baionako bestetan talde bortxaketa bat gertatu da

Baionako aurtengo bestak orokorrean giro «jabalean» eta «onean» gertatu badira ere, azpimarratzekoa da talde bortxaketa bat gertatu dela eta hamaika lagunek kexa ezarri dutela baizik eta ziztatu dituztela. Inoizko bestarik jendetsuenak izan direla ere nabarmendu dute.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza,Baionako Su Prefeta eta Baionako frantses Errepublikako prokuradore ordea. GUILLAUME FAUVEAU
Ainize Madariaga
2022ko abuztuaren 2a
14:32
Entzun

Baionako besten analisi orokor «baikorra» egin dute aho batez bai instituzioek, bai kasik elkarte guziek. Dena den, ortzegun gauean talde bortxaketa bat gertatu zen, bi gizonek emazte gazte bat bortxatu baitzuten bortxatzaileetako baten etxean, Baionan. «Egileak kontrol judizialaren esku ezarri dituzte larunbataz geroztik», zehaztu du Caroline Parizel Frantziako Errepublikaren Baionako prokuradoreordeak.

PAF alternatiba feministaren aldeko elkartearen izenean mintzatu da Nathali Riobe. Ez dator bat aurtengo besten bilan baikorrarekin: «Bortxaketa eta eraso sexista eta sexualik dagoen bitartean, ezin dugu bilan baikorrik atera. Zenbaki ofizialek kopuru batzuk erakusten dituzte, baina oso zaila da zinez jakitea zenbat izan diren. Egia da aitzineko bestei alderatuz gutiago egon direla eta aitzina ari garela borroka honetan. Alta, hau ez da bukatu: egunerokoa da gure guduka, eta datorren urteari begira segituko dugu».

Baliteke ondoko egunetan gertakari gehiagoren berri jakitea, biktimek ez baitituzte kexak beti jartzen, edo ez berehala. Andree Diarte Planning Familial elkarteko koordinatzaileak, adibidez, hala kontatu du: «Larunbatean, emazte gazte bat eraso sexual batez kexatu da, baina ez du kexarik ezarri, ez dugu elementu gehiagorik».

Baionako Herriko Etxearekin eta bertze hainbat elkarterekin batera, aurten ere Maina harrera gunea muntatu eta koordinatu du Planning Familial elkarteak, bortizkeria sexista eta sexualei aitzi egiteko. Diartek ere bilan orokor baikorra egin du, nahiz eta eraso bakarra beti «sobera» izan: «Bilana baikorra da: ziztadak ez ziren gure eskumenekoak. Gure esku dira batez ere eraso sexual eta sexistak, eta ez dira hainbeste izan; nahiz eta anitz kexatu diren, ipurdia edota titiak ukitu baitizkiete, bai laido sexistak pairatu baitituzte ere. Betikoak dira, gaizki bizitzen dira, eta erran egin behar da, baina ez da haragokorik izan. Beraz, oro har baikorra da gure bilana». 3.045 laguni banatu diete gaiaz informatzeko materiala, eta, orotara, 2.090 lagunekin mintzatu dira, izan karriketan barrena, izan Maina harrera gunean, Xaho kaitik hurbil: «Denbora anitz pasatu dugu sentsibilizatzen. Aurten askoz jende gehiago interesatu da gaiaz; sentitzen da interesa orokortzen ari dela: zinez baikorra da hau». Eraso sexistez gain, hiru emazte gazteri harrera egin zieten, ustez GHB bota baitzieten basoetan: «Egiten zutenaren kontzientzia galdua zuten; gaizki izan dira. Haietako batek bere burua Errobirat bota nahi izan du; bertzea arrunt nahasia zen... Ostatu batean izan da, Plaza Berdearen parean». Badirudi momentuz ez dutela kexa ofizialik ezarri.

Aurtengo bestek bazuten bertze arrangurarik: ziztada salbaiak. Prokuradoreordeak honela xehatu du: «Herritarrak zinez kezkatuak ziren; horregatik, sistema berria ezarri genuen martxan. Bereziki prestatuak ginen ziztadei aitzi egiteko, baina baikorki harrapatuak izan gara. Ikusiz bestetarat zenbat jende bertaratu den, zinez guti izan dira hala baieztatuak: hirurogei baino gehiago agertu dira ziztadez arranguraturik, haietarik hamazazpiri egin diete odol analisia, eta hamaikak kexa ezarri dute. Orokorrean giro goxoa zen. Polizia indarrak ikusteaz ere kontent zen jendea». Oroitarazi du milioi bat lagun baino haboro izan direla bestetan, eta hainbesteren artean, ororen buru, jende guti arriskuan ezarririk.

Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefeta ere zentzu berean mintzatu da: «Ziztadez bazen arrangura; fenomeno aski beldurgarria izan zitekeen: taldea ezarri genuen martxan, zeina gai baitzen jende franko tratatzeko. Baina susmoa genuen beldurra handiagoa zela indizeak baino, eta zenbakiek arrazoia eman digute: hamazazpi odol analisi egin dira, eta hamaika kexa ezarri. Gehiegi badira ere, ez dira izan batzuek uste zuten bezainbeste».

Berak ere bilan baikorra deskribatu du, besten izpiritu ona azpimarratuz: Goraipatu du plantan ezarri duten aitzinantolaketa «egokia»: «Dispositibo gotorra izan da, pertinentea eta eraginkorra. Bestalariek aurten bazuten nahikari bat besta gogotsu egiteko, baina errespetuan, antolaketari poxelurik ezarri gabe. Plazer partekatua izan da». Adibide gisa ezarri du sokorriek norbait lagundu behar zutelarik jendeketaren muinean, ez dutela zailtasunik izan, alderantzizko guzia baizik. Aitzinerat ezarri ditu, era berean, besten segurtasuna bermatzeko hartu dituzten neurriak: gauero eta egunero, orotara, 1321 lagun ibili baita lanean, bai osagarri zerbitzuetan, bai segurtasunaren alde.

Bertze gisaz, Poliziak 36 lagun gelditu ditu, gehienbat ebasketei loturik. Izan da bertze motako erasorik ere: adibidez, aizto ukaldika lagun bat zauritu duenaren kasua. Bizia ez du lanjerean.

Satisfos hartu du hitza Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak: «Urostasuna erdietsi dugu, partez, segurtasun neurriei esker. Eskertzen ditut segurtasunaren alde lanean aritu diren guziak». Baionako besten 90. urtebetetzea giro «jabalean» ospatu dela azpimarratu du. Garraio sistemaz ere zinez kontent agertu da, kontuan hartuz besten bezpera arte tren txoferrak greban egon direla. Alta, bi puntutan hobetzeko arrazoiak ikusi ditu Etxegaraik: emazteendako komoditate eskasa eta ostalari zenbaiten musika bolumen goregia.

Elkarteak ere zinez kontent jalgi dira bestetatik. Lukas Hiriartek, konparazione, Gazte Asanbladaren izenean erran du «usaiako giro onean» pasatu direla bestak Patxa plazan: «Bilana baikorra da. Erasorik ez da izan, ez ziztadarik. Egitarauan moldaketa batzuk egin behar izan ditugu, baina beti gertatzen dira halakoak. Hori bai, sekula baino jende gehiago egon da, eta nehoiz baino garagardo gehiago saldu dugu. Aurten karguak igo direnez eta duela hiru urteko prezioak mantendu ditugunez, etekina ez da ordu hartakoa bezain ederra izanen, baina baikorra hala ere».

Peio Lambert ere, Baionako bi ikastolak biltzen dituen BIL elkartekoa, pozik aritu da besten bukaeraz: «Dena ontsa pasatu da, giro biziki onean; plazer egiten du berriz atzematea jendea, dantzariak eta musikariak». Hala, Franck Cerramon Miarritzeko ikastolako lehendakariak bilan baikorra atera du: «Urte berezia izan da, Hotel des Basques eraikina obretan baitzen, eta ezin izan dugu betiko txipiroirik saldu. Baina biziki kontent gara. Geneukan kasik guzia saldu dugu; helburua bete dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.