Australia

Lidia Thorpe Australiako senatariak karguaren zina errepikatu behar izan zuen Elizabeth II.ari «kolonizatzaile» deitzeagatik

Australiako Berdeak alderdi politikoko kidea da Lidia Thorpe. Aborigen aktibismoan karrera egin duten emakumeen oinordekotza baten parte da. Politikaren bitartez bere jatorria defendatzeko xedea du.

Lidia Thorpe senataria atzo, ukabila altxatuta Senatuan. LUKAS COCH / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 2a
14:49
Entzun

Lidia Thorpe Australiako senatari indigenak bi aldiz egin behar izan zuen biltzarkide karguaz jabetzeko zina, Elizabeth II.a erreginari «kolonizatzaile» deitu ondoren. Atzo goizean hartu zuen kargua senatari ekologistak; berak bakarrik, joan den asteko kargu hartze ofizialera ez baitzen joan.

Senatuko presidentearen aurrean ukabila goratu, eta zin egin zuen «subirano, solemne eta zuhurtziaz benetako leialtasuna» gordeko ziola «maiestate kolonizatzaileari, Elizabeth II.a erreginari». Thorperen adierazpenak ezinegona eragin zuen senatuko zenbait kiderengan, eta Sue Lines presidenteak eskatu zion karguaz jabetzeko formula errepikatzeko.

Helburuak garbi

Thorpe Australiako Berdeak alderdi politikoko kidea da, eta jatorriz DjabWurrung Gunnai Gunditjmara etniakoa. Politikaren bitartez bere jatorria defendatzeko xedea du Thorpek. Horretarako, legebiltzarrera jotzea du helburu, «herrialde honetan sistema kolonialaren legez kanpoko okupazioa zalantzan jartzeko». Horrez gain, ohartarazi zuen bere «jendeagatik» dagoela han, eta bere burua «sakrifikatuko» duela «kolonizatzaileari leialtasuna zin eginez, komunikabideetan egon ahal izateko eta parlamentuan sartzeko».

Senatukoa amaitu ostean, gertakaria sare sozialetara igaro zen. Kritika guztien artean, Adam Bandt politikariak bere babesa agertu nahi izan zion Thorperi eta Beti izan zen. Beti izango da esaldia jarri zuen sare sozialetan erreginari erreferentzia eginez. Ondoren, Thorpek berak Twitterren argitaratu zuen ez duela inoiz «subiranotasuna utzi». Jarraian, Australiako bandera ere kritikatu zuen emakumeak, «lur horien kolonizazioa» irudikatzen duelako. «Ez dago ez baimenik ez itunik; beraz, bandera horrek ez nau ordezkatzen», esan zuen Channel 10 katean.

Daily Mail-ek jakinarazi duenez, Thorpe senataria aborigen aktibismoan karrera egin duten emakumeen oinordeko da. Haren amona Alma Thorpek Victoriako osasun aborigen zerbitzua sortu zuen, eta haren ama Marjorie Thorpek, berriz, belaunaldi lapurtuak deiturikoen inguruko ikerketa nazionalean parte hartu zuen.

Kolonizazioa
Australia kolonia britainiarra izan zen ehun urtez baino gehiagoz, eta garai horretan milaka australiar aborigen hil zituzten, eta komunitateak lekuz aldatu. Azkenean, herrialdeak de facto-ko independentzia lortu zuen 1901ean, baina ez zen inoiz eskubide osoko errepublika bihurtu.

1999an egindako bozketa batean, australiarrek erregina kargutik kentzearen aurka bozkatu zuten. Azken urteetan egin diren inkesten arabera, australiar gehienak errepublika bat izatearen alde daude, baina akordio gutxi dago estatuburua aukeratzeko moduari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.