Txina-AEB

Nancy Pelosi Taiwanen da

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea uharteko gobernuburuarekin batzartzekoa da bihar. Pekinek, Taipeik eta Washingtonek alerta gorenean jarri dituzte norbere militarrak.

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea, Taipeiko Songshan aireportuan, gaur. TAIWAN MINISTRY OF FOREIGN AFFAI
ander perez zala
2022ko abuztuaren 2a
17:13
Entzun

Txinaren eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuen ohartarazpenak gorabehera, Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea Taiwanen da, egonaldi gatazkatsu bat egiteko. Uharte horretara iritsi eta berehala, Pelosik ohar bat atera du argitara, eta esan du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela «amerikar elkartasuna». Agintariaren bisitak Pekinen eta Washingtonen arteko beste krisi bat eragingo du.

Pelosiren egonaldiaz ez dute ezer esan ez Washingtonek ez Taipeik, baina, Taiwango hedabideen arabera, agintaria uharteko gobernuburu Tsai Ing-wenekin, hango diputatuekin eta giza eskubideen aldeko ekintzaileekin batzartzekoa da bihar. AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak baieztatu du «Taiwango buruzagitzarekin» elkartuko dela, eta bilkura horietan «interes partekatuez» arituko direla. Hori bai, Pekinen kexei erreferentzia eginez, agintariak adierazi du AEBak «statu quo-a aldatzeko aldebakarreko saiakeren kontra» daudela.

Pelosi irlara joan aurretik, mugimendu militar asko izan dira Hego Txinako Itsasoaren inguruan, eta Txinak, Taiwanek eta AEBek alerta gorenean jarri dituzte norbere armadak.

Txinakoak, esaterako, kostaldera mugitu ditu indar anfibio batzuk, batez ere hego-ekialdean dagoen Fujian probintziara —Taiwandik gertuen dagoelako—, eta haren hegazkin batzuk Taiwango itsasartetik gertu pasatu dira hainbatetan; horietako batzuek muga ere pasatu dute. Horiez gain, ontzi bat uhartetik 80 kilometrora mugiarazi du, bi hegazkin ontziak beren baseetatik atera dira eta armadak esan du ariketa militarrak egingo dituela irlaren inguruan, asteburura arte. Iragan astean Xi Jinping Txinako presidenteak Joe Biden AEBetakoari esandakoa gertatzen ariko litzateke, hortaz: Pekinek modu «sendoan» erantzuteko asmoa lukeela.

Era berean, AEBetako armadak zaintzarako abioiak bidali ditu Taiwan ingurura, Pelosi zeraman hegazkinaren segurtasuna bermatze aldera —Filipinetatik pasatuta, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak ibilbide luzeagoa egin du, Hego Txinako Itsasoa saiheste aldera—, eta lau gerraontzi irlaren ekialdera joan dira, South China Morning Post egunkariaren arabera.

Taiwango itsasartearen ingurua, beraz, ordu gutxian militarizatu dute Mendebaldeko eta Ekialdeko bi potentzia handiek. Uhartean, aldiz, Taiwango armada alarma egoeran da, CNA albiste agentziaren arabera; Liberty Times-ek, berriz, esan du zortzi ehiza hegazkin bidali dituztela ekialdeko Taitung basera.

Ohar baten bidez, Taiwango Defentsa Ministerioak zera esan du egoeraz: «mehatxuaren araberako indar armatu egokiak bidaltzeko» prest daudela militarrak, eta armada «gai» dela «segurtasun nazionala bermatzeko».

Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela —nahiz eta ez duen horren kontrolik—, eta Xik esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta gaineratu hori indarkeriaren bidez ere egingo luketela «beharrezkoa balitz». Aldi berean, Pekin saiatu da irla hori bakartzen eta nazioarteak Taiwani edonolako zilegitasunik ematea eragozten.

Horregatik, Txinako Gobernuak ez du begi onez ikusten Pelosiren bisita; hain justu, aitortza moduko bat litzatekeelako. AEBetako zenbait kongresukide jada izan dira uharte horretan, baina Ordezkarien Ganberako presidente bat ez da hara joan 1997tik —Newt Gingrich errepublikanoa zen karguduna—, eta, hortaz, AEBetako politikaririk garrantzitsuenetako bat dela kontuan harturik, Pekinek «probokaziotzat» du Pelosi Taiwanen izatea, Txinako Atzerri Ministerioak iragan astean hainbatetan adierazi modura —AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea persona non grata da Txinarentzat—.

«Traizio deitoragarria»

Are, Wang Yi Atzerri ministroak AEBei egotzi die «traizio deitoragarri bat» egitea uhartearen aferan; izan ere, bi herrialdeek 1979an harreman diplomatikoak berriz ezarri zituztenetik, Washingtonek «Txina bakarraren» printzipioa defendatzen du Taiwani dagokionez. «Txina bakarraren printzipioa Txinak beste herrialdeekin dituen harremanen oinarri politikoa da», esan du Wangek.

Haren aurretik, Atzerri Ministerioaren bozeramaile Hua Chunying mintzatu da auzi horretaz, eta Taiwani ohartarazi dio «ondorio ezin txarragoei» egin beharko diela aurre «AEBek gaizki kudeatzen badute [Taiwango] itsasarteko egoera».

Pekinen eta Washingtonen arteko harremanak aspaldidaniko txarrenak dira egun, eta Pelosiren bisitak are gehiago oker litzake horiek; tentsioa, behintzat, nabarmen igo da asteon, eta gaurko bidaiarekin, are gehiago.

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearen bisita ofizial egin aurretik, Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak Txinaren hitz berberak erabili du, eta adierazi du Pelosiren bidaia «probokazio bat» dela.

Egunotan gerta daitekeenaren aurrekari bat 1995ekoa da, garai hartan Taiwango presidente zen Lee Teng-hui AEBetara joan zenekoa. Pekin asko haserretu zen bidaia horrengatik, eta misilak Taiwango itsasora botata erantzun zuen; Pentagonoak eremu horretara zenbait gerraontzi bidali zituenean utzi zion hori egiteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.