GERRA UKRAINAN

Haurrak, adinekoak eta emakumeak Donetsketik ebakuatzen hasi dira

Ukrainak nabarmendu du «eremu seguruetara» eramango dituztela. Datozen bi asteetan «bizpahiru» zamaontzi dira Odesatik ateratzekoak

Bi pertsona suntsitutako eraikin bati begira, uztailaren 21ean, Donetsk eskualdeko Kramatorsk (Ukraina) hirian. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 2a
17:17
Entzun

Azken asteetan bereziki Donetsken, Ukrainaren ekialdean, gogortu da gerra, eta, horregatik, eskualdean kontrolpean duen eremua ebakuatzeko eskatu zien Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteak herritarrei, joan den larunbatean. «Zenbat eta lehenago ebakuatu Donetsk eskualdea, Errusiako armadak orduan eta denbora gutxiago edukiko du pertsonak hiltzeko», ohartarazi zuen. Eta Ukrainako Gobernuak gaur jakinarazi du adingabeak, emakumeak, adinekoak eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak ebakuatzen hasi direla.

Ukrinform albiste agentziak Irina Verextxuk lehen presidenteordearen hitzak jaso ditu, eta, haren arabera, ebakuatuak tren batean abiatu dira, eta bihar dira Kropivntskira iristekoak. Nabarmendu du pertsona horiek lagunduta daudela une oro, eta «eremu seguruetara» eramango dituztela. Kieven asmoa da trenez eta errepidez eramatea herritarrak mendebaldeko hirietara, zeintzuetan horiek hartzeko lekuak egokitu dituzten.
Zelenskik aitortu du Donetsketik alde egin nahi ez duten ehunka pertsona daudela. Pavlo Kirilenko da Donetskeko buruzagi militar gorena, eta asteburuan adierazi zuen azken hilabetean 662 pertsona hil direla eskualdean Errusiako armadaren erasoen eraginez, eta zaurituak 1.700 inguru direla.

Bestalde, Odesako portutik (Ukraina) herenegun abiatu eta 26.000 tona arto daramatzan Razoni zamaontzia gaur gauean da Istanbulera heltzekoa, Turkiako iturri militarrek jakinarazi dutenez. Behin hara iritsita, eta Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak atzera Itsaso Beltzean zerealak esportatzeko izenpetutako akordioa aintzat hartuta, itunaren sinatzaileek osatutako koordinazio zentroko talde batek ikuskatu egingo du.

Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroak BBC hedabideari gaur adierazi dionez, proba gisa datozen bi asteetan «bizpahiru» zamaontzi dira ateratzekoak Odesatik, eta espero du «beste norabidean ere» ontziek ibilbideak egitea. «Dena egiaztatu eta gero, korridore horretan zehar arrunta izango da nabigazioa».

Azov, «terrorista»
Errusiako Auzitegi Gorenak «talde terrorista» izendatu du Azov eskuin muturreko batailoi paramilitarra. Joan den maiatzean, Errusiako armadak Mariupol hiriko Azovstal altzairutegia hartu zuenean, Errusiako Fiskaltzak eskatu zuen eskuin muturreko batailoi hori «talde terrorista» izendatzeko. Azoveko paramilitarrak altzairutegian gotortuta egon ziren zenbait astez. Kremlinen arabera, horietako asko, buruzagiak barne, Rostov eskualdeko (Errusia) kartzeletan daude preso.

Gerra frontean Mendebaldearen laguntza militarra jasotzen ari da Ukraina, eta Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak adierazi du, gaur, Zelenskirekin hitz egin eta gero, biei iruditzen zaiela «are» laguntza militar handiagoa behar duela Ukrainak, eta laguntza hori «azkarrago» jaso behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.