Txina-AEB

Pelosik esan du AEBek ez dutela Taiwan «abandonatuta utziko» Txinaren esku

Ordezkarien Ganberako presidentea uharteko agintari Tsai Ing-wenekin batzartu da. Pekinek ariketa militarrekin erantzun du: «Beharrezkoak dira».

ander perez zala
2022ko abuztuaren 3a
11:53
Entzun

Konpromisoa eta babesa berresteko bidaia bat izan da. Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidenteak, Taiwango gobernuburu Tsai Ing-wen alboan zuela, adierazi du AEBek ez dutela uharte hori «abandonatuko» Txinaren ohartarazpenen aurrean, eta berriz esan du bere iritziz irla horrekiko «amerikar elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa» dela gaur egun: «Hori da gaur dakargun mezua». Adierazpen horiekin, bere herrialdeak Asia-Pazifikoan duen estatusa ere defendatu du Pelosik, eremu hori geopolitikoki geroz eta pisu handiagoa hartzen ari den honetan.

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearen bisitak gatazka handia eragin du, eta are gehiago handitu du Pekinen eta Washingtonen arteko tentsioa. Pelosi Asian da bira bat egin eta bere herrialdearen aliatu garrantzitsuenetako batzuekin elkartzeko —Japonia, Hego Korea, Malaysia eta Singapur—, baina ez zuen ez baieztatua ez ezeztatua Taiwanera joango zenik; azkenean, atzo iritsi zen, eta horrek haserretu egin du Txinako Gobernua. Besteak beste, Pekin «operazio militarrekin» erantzuten ari da.

Erabaki horren aurrean, Taiwango presidenteak esan du ez dutela «atzera egingo», eta, beraz, «beharrezkoa den guztia» egingo dutela uhartean «bakea eta egonkortasuna mantentzeko». Pelosik berretsi du AEBek konpromisoa dutela helburu horrekin, baina adierazpen nahiko anbiguoak egin ditu horren inguruan, Washingtonek hamarkadotan izan duen joerarekin bat eginez.

Joe Biden AEBetako presidenteak bitan ziurtatu du bere herrialdeak militarki esku hartuko lukeela Txinak Taiwani eraso egingo balio, baina haren gobernuak berehala gezurtatu izan ditu adierazpen horiek. Pelosik babesa helarazi dio irlari, baina ez da horretaz harago joan: «Statu quo-aren aldekoak gara; ez dugu nahi Taiwani ezer gertatzea indarkeriaren bitartez».

Halere, Taipeik baikortzat jo du AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearen bisita, irlaren estatusaren aitortza bat izan delakoan. Hain justu, ideia hori helarazi du Tsaik prentsaren aurrean, adierazita Pelosiren egonaldi laburrak erakutsi duela uharteak baduela «nazioarteko babes irmoa» Txinaren «presioen» aurrean.

Taiwango Defentsa Ministerioaren arabera, Txinako armadaren maniobrak eskala handikoak izaten ari dira —printzipioz, asteburura arte iraungo dute—, eta uhartearen aire eta itsaso eremuak «blokeatzea» eragin du. Horren ondorioz, uharteko gobernuak jakinarazi du Japoniarekin eta Filipinekin negoziatzen ari dela hegazkinentzako «ibilbide alternatiboak» zehazteko.

Pekinek esana du Pelosiren bisita «probokazio bat» izan dela, eta horregatik hasi zituzten, atzo, ariketa militarrak. Hua Chunying Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramailea horietaz aritu da gaur, eta defendatu du «bidezkoak» direla: «Beharrezkoak dira [...] subiranotasun nazionala babesteko». Huak berriz argudiatu du AEBak «probokatzaileak» direla, eta, beraz, Txina «biktima bat» dela: «AEBen eta Taiwanen probokazioa etorri da lehenik, eta Txinaren defentsa bigarrenik».

Txinako, Taiwango eta AEBetako armadak alerta gorenean daude atzodanik, eta Taiwango itsasartea militarizatuta dago. Egunotan gerta daitekeenaren aurrekari bat 1995ekoa da, garai hartako Taiwango presidente Lee Teng-hui AEBetara joan zenekoa. Pekin asko haserretu zen bidaia horrengatik, eta misilak Taiwango itsasora botata erantzun zuen —Pentagonoak eremu horretara zenbait gerraontzi bidali zituenean utzi zion hori egiteari—.

Txinaren eta Taiwanen arteko harremana

Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela —nahiz eta ez duen haren kontrolik—, eta Xi Jinping Txinako presidenteak esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta gaineratu hori indarkeriaren bidez ere egingo luketela «beharrezkoa balitz». Aldi berean, Pekinek ahalegina egin du irla hori bakartzeko eta nazioarteak Taiwani edonolako zilegitasunik ematea eragozteko.

Horregatik, Txinako Gobernuak ez du begi onez ikusi Pelosiren bisita; hain justu, aitortza moduko bat litzatekeelako. AEBetako zenbait kongresukide jada izan dira uharte horretan, baina Ordezkarien Ganberako presidente bat ez da hara joan 1997tik —Newt Gingrich errepublikanoa zen karguduna—, eta, hortaz, AEBetako politikaririk garrantzitsuenetako bat dela kontuan harturik, Pekinek «probokaziotzat» du Pelosi Taiwanen egon izana, Txinako Atzerri Ministerioak iragan astean hainbatetan adierazi modura —AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea persona non grata da Txinarentzat—.

Wang Yi Atzerri ministroak AEBei egotzi zien, atzo, «traizio deitoragarri bat» egitea uhartearen aferan; izan ere, bi herrialdeek 1979an harreman diplomatikoak berriz ezarri zituztenetik, Washingtonek «Txina bakarraren» printzipioa defendatzen du Taiwani dagokionez. «Txina bakarraren printzipioa Txinak beste herrialdeekin dituen harremanen oinarri politikoa da», esan zuen Wangek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.