Lan gatazkak

Lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak Tubacexeko greban auzipetutako hiru gazterentzat

Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzi dizkie. Iazko martxoko greba batean parte hartu zuten hiru auzipetuek.

Tubaxeceko langileen suzko barrikada, iazko martxoaren 25ean.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 3a
12:26
Entzun

Iazko Tubacexen grebaren oihartzuna gaur egunera heltzen da oraindik. Fiskaltzak lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Tubacexeko greba batean auzipetutako hiru gazterentzat, Aiaraldea komunikabideak informatu duenez. Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzi dizkie. Jakiteko dago noiz egingo duten epaiketa.

Urte eta erdi egin behar da atzera grebaren arrazoia jakiteko: enpresak iragarri zuen Amurrioko eta Laudioko (Araba) 150 langile kaleratuko zituela, eta gainerakoak (600 inguru) aldi baterako erregularizazioan jarriko zituela. 236 egunen ostean, langileek urrian amaitu zuten greba, akordioa sinatuta.

Martxoko mobilizazioa

Aurretik, martxoaren amaiera aldera ekin zieten langileek mobilizazioei. Hilaren 25eko piketeengatik epaitu nahi dituzte, hain zuzen, hiru gazteak. Aurretik ere, iazko ekainean, Amurrioko epaitegietan deklaratu zuten hirurek, aipatutako delituak egotzita.

Egun horretan, Amurrioko Saratxo industrialdean bildu ziren grebalariak. Suzko barrikada bat piztu zuten hainbat gurpilekin, Tubacexen fabrikaren sarreran. Ertzaintza han izan zen, eta, borrak zein foam pilotak erabiliz, hainbat pertsona zauritu zituzten.

Fiskaltzak azaldu duenez, mobilizazio horretan hiru gazteek «bake publikoa asaldatzeko helburuarekin» jardun zuten, «batera eta adostasunez», identifikatu gabeko «bostehun pertsona inguruk» lagunduta. Orotara, lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Batetik, bi urte eta hamar hilabetekoa desordena publikoagatik; bestetik, urtebete eta bederatzi hilabetekoa agintaritzaren aurkako atentatuagatik. Hiru ertzaini 756 euro (252 bakoitzari) ordaintzea ere galdegin die, «eragindako lesioengatik».

Gainera, fiskaltzak Ertzaintzaren materialek eta Tubacexeko zuzendaritzaren autobusek izandako kalteak ordaintzea nahi du; oraindik, ordea, ez du zehaztu guztizko zenbatekoa.

Epaiketa Arabako Auzitegi Probintzialean izango da, baina oraindik ez dago aurreikusita noiz izango den. Abokatuek Aiaraldea-ri jakinarazi diotenez, prozedura hainbat hilabetez luza daiteke. Komunikabideak berak auzipetutako gazte bat elkarrizketatu zuen ekainean, deklaratu aurretik. «Nire iritzia da, ikusita langileen aurka ezin dutela ezer egin, babesten daudenon aurka jo dutela, elkartasuna jaso ez dezaten», azaldu zuen gazteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.