Sekretu Ofizialen Legea

Espainiako Justizia idazkariak uste du garrantzitsua dela herritarrek GALen berri izatea

Tontxu Rodriguezen iritziz, Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuak ezarritako epeak moldatu egingo dira Kongresuan.

Tontxu Rodriguez, artxiboko irudi batean. PSE-EE
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 3a
13:29
Entzun

Espainiako Gobernuko Justizia Estatu idazkari Tontxu Rodriguezek adierazi du «garrantzitsua» dela herritarrek 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen eta gerra zikinaren inguruko informazioa jakitea: «Espainiako historian badaude gizarteak bere osotasunean ezagutzea ona litzatekeen orrialdeak; esaterako, otsailaren 23a edo GAL». Afera horrek, baina, ez du kezkatzen PSOEren Espainiako Kongresuko eledun Patxi Lopez, GALen ingurukoak «bere garaian epaitu eta zigortu» zirelako. Haren hitzetan, kezka eragin dezakeena da «1990eko eta 2000ko hamarkadetan ETAren komandoak atxilotzen lagundu zutenen izenak publiko egitea».

Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuak informazioa desklasifikatzeko ezarritako epeen inguruko interpretazio ezberdinak egin dira egunotan, baita sozialisten artean ere. Aurreproiektuaren arabera, «goi mailako sekretu» gisa klasifikatutako informazioak 50 urtez mantenduko lirateke ezkutuan, eta epe hori beste hamabost urtez luzatzeko aukera izango luke Ministroen Kontseiluak. Europako Batasuneko «estandarretara» egokitzen den epe bat da, Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren esanetan. Lopezen hitzetan, gainera, ez da dena epeen aferara «murriztu» behar.

Rodriguezek, berriz, legearen tramitazioan jarri du arreta. Moncloak legea urte amaierarako edo hurrengoaren hasierarako onartzea du helburu, eta, horretarako, gehiengoa lortu beharko du Espainiako Kongresuan. Prozesu horretan, Rodriguezek uste du testua «hobetzeko» aukera izango dutela talde parlamentarioek. «Ez dut zalantzarik», esan du, Radio Euskadin egindako elkarrizketan: «50 urteko epea zuzenketen bidez laburtuko da».

Izan ere, PSOEk inbestidurako blokeko gehiengoa baliatu nahi badu, negoziazioen gako nagusietako bat informazio sekretuak desklasifikatzeko epeen ingurukoa izango da. Sozialisten ohiko bazkideen ustez, gehiegizkoa da, besteak beste, trantsizioaren, gerra zikinaren eta estatu kolpearen inguruko informazioa 65 urtez ezkutuan mantentzeko aukera plazaratzea. «[Espainiako Gobernuko presidente] Pedro Sanchezek baino, Felipe Gonzalezek pentsatutakoa dirudi», esan zuen atzo UP Unidas Podemoseko kide Jaume Asensek, presidente ohiaren eta haren agintaldian erabilitako gerra zikinari erreferentzia eginda. UPk hamabost eta hogei urte arteko epeak ezarri nahi ditu sekretuak desklasifikatzeko. EAJk, berriz, 25 urteko muga proposatu zuen Kongresuan aurkeztutako lege proposamenean.

Elkarrizketarako prest

Aferaren inguruan talde parlamentario guztiekin hitz egiteko prest dagoela adierazi zuen atzo Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta «ahalik eta zuzenketa gehien» onartuko dituztela gehitu zuen Margarita Robles Defentsa ministroak; betiere, «arrazoizkoak» badira. Hark, gainera, azaldu zuen GALen inguruko informazioa desklasifikatzea espero duela, azken urteetan 1936ko gerraren eta frankismoaren inguruko informazio militarrarekin egin bezala.

Elkarrizketei ekiteko garaian, Monterok hiru indar jarri zituen gainerakoen gainetik: Unidas Podemos, EAJ eta ERC. «Eman diezaiogun denbora denborari. Orain, lehentasuna da lege aurreproiektua gobernu barruan adosteko gai izatea. Bazkideei dagokionez, ezagutzen ditugu EAJren eta ERCren ohiko jarrerak. Itundu beharko dugu».

Halere, sozialistek ez diote atea itxi PPrekin akordio bat ixteko aukerari. Roblesek esan zuen «estatu itun bat» lortu nahi duela. Lopezi, berriz, «oso ondo» iruditu zaio popularrak legearen inguruko akordio bat ixteko prest agertu izana: «Estatu egituren parte diren eta adostasun zabalak behar dituzten gaiak daude».

PPko koordinatzaile nagusi Elias Bendodok egin dio proposamena Moncloari. «Estatuaren aurka» dauden indar parlamentarioak baztertu eta «estatu afera hau» popularrekin adosteko eskatu dio. Haren hitzetan, 50 urteko epea egokia da zenbait gairentzat, baina beste batzuek epe luzeagoak behar dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.