Sri Lanka

Sri Lankako presidenteak, herrialdea «arriskuan» dela ohartarazi, eta «batasunerako» deia egin du

Wickremesinghek jakinarazi du Nazioarteko Diru Funtsarekin hitz egiten hasiko dela berriz, Sri Lankak duen zorra kitatzeko.

Ranil Wickremesinghe presidentea, gaur, parlamentura iritsi berritan. CHAMILA KARUNARATHNE/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 3a
17:56
Entzun

Sri Lankak bizi duen krisi ekonomikoa gainditzeko, «batasuna» eskatu du Ranil Wickremesinghe herrialdeko presidenteak gaur, parlamentuan egindako diskurtsoan. «Egoera berri bat da hau. Arrisku larrian dago herrialdea, eta egoera latz honetatik ateratzeko bide bakarra elkarlana da», nabarmendu du Wickremesinghek. Horregatik, eskua luzatu die parlamentuko gainerako alderdiei «iragana atzean uzteko».

Horrez gain, berriro NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin hitz egiten hasiko dela jakinarazi du Wickremesinghek. Izan ere, herrialdeak 12.000 milioi dolar —ia 11.800 milioi euro— inguruko zorra du. Hori kitatzeko, presidenteak adierazi die parlamentariei lau urteko plan bat adostuko duela NDFrekin hilabete honetan egitekoak diren negoziazioetan. Presidentearen asmoa da lau urteko epean NDFk 3.000 milioi dolar —ia 3.000 milioi euro— mailegatzea. Izan ere, NDFk baldintza jakinak eskatu ohi dizkie herrialdeei dirua mailegatzeko. «Plan hori NDFri aurkeztuko diogu etorkizun hurbilean», adierazi du estatuburuak. Horrez gain, hartzekodun pribatuekin ere hitz egingo duela esan du Wickremesinghek.

Litekeena da Sri Lankako presidenteak datozen asteotan aurkeztea herrialderako aurrekontua. Izan ere, Wickremesinghek jakinarazi du luzera begirako ekonomia plan bat prestatzen ari dela krisiari aurre egiteko. Plan horren neurrietako batzuk lirateke, besteak beste, zor publikoa Sri Lankako BPG Barne Produktu Gordinaren %140tik %100era jaistea hamar urteko epean. Horrela, 2025erako aurrekontuan superabita izango luke.

SJB Samagi Jana Balawegaya alderdiko Harsha de Silvak babesa eman dio Wickremesinghek egindako proposamenari, «denbora mugatu» baterako bada ere. «Indarrak batu behar ditugu Sri Lanka berri bat eratzeko, eta puntu komun batzuk izango dituen oinarrizko programa bat ezartzeko», adierazi du bere Twitter kontuan.

Herritarren protestak

Iragan hilaren 9ko protesten harira, oraindik Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidente zela, ekintzaileek herrialdeko bi egoitza ofizial hartu zituzten, tartean presidentearen jauregia, eta, egoera horretan, Rajapaksak atzerrira alde egin zuen. Ondoren, Wickremesingherrek kargua hartu zuen, eta, protestak baretu diren arren, estatuburuak epe bat jarri zien manifestariei jauregitik irteteko. Epe hori amaitu baino lehen, herrialdeko indarrak bidali zituen presidenteak jauregira manifestariak indarrez ateratzera.

Gertakari horien ondotik, presidenteak alarma egoera ezarri zuen herrialdean, eta hori salatu dute nazioarteko zenbait erakundek. Human Rights Watch erakundeak gobernuari egotzi zion alarma egoera erabili izana «erreforma politikoak nahi dituzten aktibistak arbitrarioki jazartzeko eta atxilotzeko». Gobernuaren indarren errepresio ekintzek dozenaka pertsona zauritu zituzten, eta zenbait herritar ere atxilotu zituzten, presidentearen jauregiari su ematea leporatuta.

Wickremesingherrek duela bi aste hartu zuen kargua, eta 2024 arte izango da presidente, Gotabaya Rajapaksaren lekua hartuz. Azken horrek dimisioa eman zuen herritarrek iragan uztailean hasitako protestak zirela medio. Alabaina, Sri Lankak inoizko krisi ekonomikorik larriena du, 1948an Britainiar Inperiotik independentzia lortu zuenez geroztik handiena. Oinarrizko elikagaien eskasiak, erregaien eta botiken eskasiak, eta azken urteetan inflazioak etengabe gora egin izanak eragin du krisia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.