Kolonbia

FARCeko disidenteak prest agertu dira Petrorekin hitz egiten hasteko

Sareetan zabaldutako bideo batean, bere burua Nestor Gregorio Vera gisa aurkezten duen gerrillari batek dio «irtenbide politikoa» eman nahi diotela gatazkari, «estatuak hasitako indarkeria» amai dadin.

Gustavo Petro, Kolonbiako presidente hautatua, Bogotan, artxiboko argazki batean. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 4a
11:18
Entzun

Badirudi gauzak aldatzen has daitezkeela Kolonbian. Igandean bertan egingo du presidente karguaren zina Gustavo Petrok, eta jada jaso ditu lehen elkarrizketa eskaintzak. Horietatik azkena gaur goizaldean heldu da, sareetan zabaldutako bideo batean. Irudietan, bere burua Nestor Gregorio Vera gisa aurkezten duen gerrillari bat ageri da, esanez FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak prest leudekeela gobernuarekin elkarrizketak hasteko, «estatuak hasitako indarkeria» amai dadin.

Veraren esanetan, bake akordioa sinatzeari uko egin eta borroka armatuari eutsi zioten disidenteek konpromisoa hartu dute bi aldeko su eten bat adosteko «testuinguru egokia» sortzeko. Mezuan gaineratu dute Petro bera eta Francia Marquez presidenteorde hautatua direla «herriaren nahien benetako ordezkariak», eta iragarri jadanik izendatu dutela elkarrizketak zuzenduko lituzkeen ordezkaria, Ivan Lozada gerrillaria.

Miguel Botachek zuzendutakoa litzateke eskaintza egin duen taldea. Botache bera joan den maiatzaren 4an hil zuten, Kolonbiarekin muga egiten duen Venezuelako estatu batean. Talde horrekin bat egin dute beste zenbait disidentek ere.

Bogotak ez du, oraingoz, eskaintzari buruzko adierazpenik egin. Ordea, joan den uztailaren 10ean, Ivan Duqueren gobernuak zabaldu zuen Vera hil zutela herrialdearen hegoaldean egindako operazio batean, baina haren gorpua ez zen agertu. Hori dela eta, armadak iragarri du ikertuko duela bideoa egiazkoa den, edo Veraren heriotza baino lehen grabatua izan ote litekeen.

Vera, Ivan Mordisco ezizenez ezagunagoa, 32 urtez aritu zen FARCen, eta 2016ko bake akordioen aurka agertu ziren lehen buruzagietako bat izan zen; disidentzien buru bilakatu zen hala. Botacheren heriotzaren ostean, hark hartu zuen lehen frontearen buruzagitza, eta hego-ekialdeko operazioen ardura.

Elkarrizketak ELNrekin

FARCeko disidenteena ez da izan Petrok jaso duen eskaintza bakarra. ELN Nazioa Askatzeko Armadak joan den uztailaren 5ean iragarri zuen gobernu berriarekin negoziazioak hasteko prest dagoela. Eliecer Chamorro buruzagiak sinatutako oharraren arabera, gerrillak badu esperantza aurreko gobernuek hitzartu eta bete ez zituzten akordioak beteko dituela Petrok. «Elkarrizketak izan ditugu azken bost gobernuekin, Ivan Duquerenarekin izan ezik, hark uko egin baitzion adostutakoa betetzeari. Orain berriz hasiko gara», zioen idatziak.

Joan den astean heldu zen Bogotaren erantzuna. Petrorekin Atzerri ministroaren karguan izango den Alvaro Leyvak iragarri zuen eginak dituztela lehen urratsak ELNrekin elkarrizketak hasteko: «ELNkoekin hitzartutako guztia betez joango gara; eutsi egingo diogu hasitako prozesuari». Hala ere, Bakerako ordezkari berezi Danilo Ruedak nabarmendu zuen negoziazioak hasteak ez duela esan nahi justiziarik egongo ez denik. «Ezin dugu pentsatu bake prozesuak egin daitezkeenik zigorgabetasunean oinarrituta, hemen ezer gertatu ez balitz bezala».

Juan Manuel Santos presidente zela (2010-2018) hasi zituzten negoziazioak ELNrekin, Habanan, eta han jarraitu nahi ditu Petrok ere. Besteak beste, ELNko buruzagitza bertan dagoelako aterpetuta. Alde horretatik, Leyvak salatu egin zuen AEBek uhartea «terrorismoa babesten duten estatuen zerrendan» sartu izana, ELNko kideak babesteagatik: «Horrek frogatzen du ez dituztela ezagutzen aurreko gobernuekin sinatutako akordioak».

Santosen eta ELNren arteko elkarrizketak bertan behera geratu ziren 2018 hasieran. Ondoren, Duquek kargua hartu zuenean, hitz egiteko baldintza berri bat jarri zion taldeari: bahitu guztiak askatzea eta ekintza guztiak gelditzea. 2019an Bogotan atentatu bat egin zuen ELNk, eta gutxienez 22 pertsona hil zituen. Duquek erasoa baliatu zuen Habanari eskatzeko entrega zitzala taldeko buruzagiak; Kubako Gobernuak, ordea, entzungor egin zion eskariari, argudiatuta bake elkarrizketak hasteko hitzartutako akordioek babesten zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.