Ondarea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakinarazi du bere bildumako hamar bat obra desagertuta daudela

Joan den astelehenean jakin zuten Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak desagerpenen berri. Ez da Nafarroako bildumetako artelanak desagertzen diren lehen aldia; 2014an ere gauza bera gertatu zen Nafarroako Kutxaren bildumarekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 4a
13:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren urrian, Ziudadelako Armen Aretoan erakusketa bat inauguratuko da 1972ko Iruñeko Topaketen urteurrena dela eta. Iruñeko Udalak eta Nafar Aretoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arte Garaikideko bildumako zenbait obra eskuratu nahi zituen erakusketarako; baina zentroak jakinarazi zien bildumako hamar bat obra desagertuta daudela 2015etik. Obren artean, Fernando Iriarte margolari nafarraren Hodeia, ibaia eta errota lana dago.

Erakusketaren arduradunak, Pedro Salaberri margolaria eta Javier Manzanos arte plastikoetako udal teknikaria, unibertsitatera joan ziren iragan astelehenean, hango Proiekzio, Kultura eta Dibulgazio errektoreordeari bere bildumako hainbat lan erakusketan sartzeko asmoa jakinaraztera. Fernando Iriarteren obraz galdetu ziotenean, ordea, esan zien ez dakitela non dagoen, «desagertuta» dagoela. Beste zenbait obra ere galduta daudela aitortu zien errektoreordeak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa astelehen horretan bertan jarri zen harremanetan Fernando Iriarterekin, bere pinturaren desagerpenaren berri emateko. Iriartek esan du 3 metroko koadro bat ez dela «hain erraz galtzen» eta horrek «erakundeak bildumekin duen utzikeria izugarria» erakusten duela; ez baita artelanak «desagertzen» diren lehen aldia. 2014an, Kontuz kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak salatu zuen Nafarroako Kutxaren bildumako 157 artelan desagertuta zeudela.

'Hodeia, ibaia eta errota'

Fernando Iriarteren artelana 3 m x 2 m neurriko diptiko bat da. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 650.000 pezetaren trukean erosi zuen, 1993an. Margolariak dioenez, garai hartako errektore Juan Garcia Blascoren bulegoan jarri zuen berak artelana, eta 2012an erakusketa kolektibo ibiltari baten esparruan erakutsi zen, Unibertsitate Publikoaren 25. urteurrena zela eta. Haren funtsetako piezak Lizarrara (Gustavo de Maeztu Museoa), Tuterara (Maria Forcada fundazioa) eta Iruñera (Nafarroako Museoa) eraman zituen ondoren.

2014. urtean, Fernando Iriarterekin harremanetan jarri zen NUP, bere diptikoa zaharberritzera eramateko baimena eskatzeko. Iriartek koadro hori «beraiena zela» eta harekin «egoki iruditzen zitzaiena» egiteko esan zien, baina jakinarazi du unibertsitateak inoiz ez diola esan nahi izan zaharberritzea «kanpoko zer enpresak» egin zuen. Iriartek dionenez, koadroa «atera eta itzuli egin zela» esan dio unibertsitateak, baita «inongo paperik» ez dagoela ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.