Gasteizko jaiak

Zapia lepoan dute berriz gasteiztarrek

Ohitura denez, Zeledonen jaitsierarekin hasi dira Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak, hiru urteren ondoren.

Gasteizko jaien hasiera, gaur, Andra Mari Zuriaren plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eider Etxeberria Soria - Hodei Iruretagoiena
2022ko abuztuaren 4a
17:35
Entzun

2019ko abuztuan jaitsi zen azkenengoz Zeledon San Migel elizako dorretik Andre Maria Zuriaren plazako balkoira. Bi urtez atera gabe geratu ondoren, ez zuen plazara irteteko gogorik falta, ezta gasteiztarrek eta bisitariek ere festarako grinarik. 17:00etarako goraino zegoen Andre Maria Zuriaren plaza. Zeledon 18:00etan atera da San Migel elizatik, eta, zerua zeharkatu ondoren, jende artetik igaro du plaza. Alkateari zapia jarri, eta Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariek, Jaione Prado merkatariak, Maria Jose Saez de Cortazar ostalariak eta Arantza Navarro ikerlariak bota dute txupinazoa.

«Zuen falta sumatu dut», esan du Gorka Ortiz de Urbinak festarik gabeko urteak aipatuz, eta gogoan izan ditu «gaur hemen gurekin egoterik ez dutenak». Indarkeria matxistaren aurka ere mintzatu da, emakumeentzat ere «festa seguruak» izan daitezen aurtengoak.

Zeledonek aterkia zabaldu eta berehala, Zeledon, etxe berria egin duk! kantatu dute milaka lagunek, ohi bezala, Gasteizko jaiei hasiera emateko. 2017tik egin ohi duten bezala, udaltzainek hustu zuten plaza jaia hasi aurretik, jendeak beirarik eta latarik sar ez zezan. Inoiz baino kontrol zorrotzagoak ezarri dituzte aurten; plaza guztia itxi dute, eta ilara luzeak sortu dira jaiaren erdigunera sartzeko. Edaririk ez da falta izan, ordea; jendetzak dantzan eta edanean itxaron dio Zeledoni, musikaren laguntzaz.

Izugarrizko berorik ez du egin gaur, nahiz eta arratsalde eguzkitsua zegoen. Urte batzuetan suhiltzaileak ura botatzen ibili izan dira, baina aurten ez dute halako lanik hartu, eta festazaleek ahal izan duten bezala egin diote aurre beroari.

Aldarrikapen ugari

Aldarrikapenik ere ez da falta izan jaien hasieran. Pankarta ugari atera ditu jendeak, era guztietako leloekin. Zeledon elizako dorretik jaisteko ordu erdi falta zela jarri dute Presoak eta iheslariak etxera leloko pankarta Andre Maria Zuriaren plazako eskulturan, eta Sozialismoa eraiki zioen bat ere ikusgai izan da aurreko lerroetan. Amnistiaren aldeko pankarta bat eta Ernairen beste handi bat ere atera dituzte, Independentzia, feminismoa, sozialismoa aldarriekin.

Joseba Fiestras FesTVal jaialdiaren zuzendariak irakurri zuen aurtengo jaietako jaietako pregoia, herenegun. «Bete-betean gozatzeko» deia egin zuen Fiestrasek: «Utz ditzagun gatazkak atzean, eta jaian zentratu gaitezen. Gasteiz elkargune izan dadila».

Ikusi gehiago:Plaza berriz betetzeko ordua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.