Palestina

Gaza bonbardatzen ari da Israelgo armada

Operazioa hasi eta berehala Jihad Islamikoko buru bat hil dutela adierazi dute. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du gutxienez bederatzi palestinar hil dituztela, tartean 5 urteko haur bat. Israelen arabera, «hamar eta hogei terrorista artean» hil dituzte.

Bi palestinar Israelek Gazan suntsitutako eraikin batean, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 5a
17:30
Entzun

Gaza bonbardatzeari ekin dio beste behin Israelgo armadak. Ostiral arratsaldean jakinarazi duenez, Egunsentia deituriko operazioa abiatu du, eta gutxienez zortzi palestinar hil eta 55 zauritu ditu jada, Gazako Osasun Ministerioaren arabera; tartean, bost urteko haur bat. Jerusalem Post hedabideak jakinarazi du Tayseer al-Jabari Jihad Islamikoko buruzagia hil dutela, Gaza iparraldean. Israelen esanetan, «hamar eta hogei terrorista artean» hil dituzte, sei gune bonbardatuta.

Palestinako Wafa berri agentziak ere baieztatu du Gaza bonbardatzen ari direla; besteak beste, Rimal auzoko Palestina Dorrea jo dutela zehaztu dute.

Zisjordanian Israelek okupatutako eremuetan izandako erasoen ondoren dator Gazakoa. Israelgo armadak sarekada bat egin zuen astelehenean, eta 17 urteko palestinar bat hil zuen Jenin hiriko errefuxiatu kanpalekuan: Dirar al-Kafrini. Gainera, Bassam al-Saadi Jihad Islamikoko buruzagia atxilotu zuten.

Gutxienez 60 palestinar hilak aurten

Jihad Islamikoaren «mehatxu zuzenak» aipatuz justifikatu du Israelek bonbardaketa. Haren esanetan, asteleheneko sarekadaren ondoren egin ditu «mehatxuok» Gazako Jihad Islamikoak. Yair Lapid Israelgo lehen ministroak esan du ez dietela utziko «talde terroristei Israelgo mugetan eragiten eta israeldarrak mehatxatzen». Jihad Islamikoak, berriz, ziurtatu du ez dutela etsiko, erasoak eraso: «Erresistentziak bat eginda jarraitzen du».

Ikusi gehiago:Israelgo armadak 17 urteko palestinar bat hil du sarekada batean Zisjordanian

Israelgo armadak hilabeteak daramatza Jenini erasotzen. Izan ere, Jihad Islamikoa eta Al-Fatah talde armatuek presentzia handia dute hiri horretan. Aurten gutxienez 60 palestinar hil dituzte, eta horietatik herenak Jeningoak dira.

Atxilotu ugari ere izan dira azken bi hilabeteetan Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eskutik, gutxienez 94 palestinar atxilotu baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.