Euskal presoak

Espetxe politika «anakronikoa» amaitzeko eskatu dute hondartzetan

Etxerat elkarteak deituta, mobilizazioak egin dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost herritan. Urratsak eskatu dizkiete Madrili eta Parisi.

Etxeraten mobilizazioa, gaur, Donostian, Kontxako hondartzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 7a
15:09
Entzun

Euskal presoen eta haien senideen egoera «nabarmen» hobetu da azken hilabeteetan, baina oraindik ere urratsak geratzen dira egiteko. Horietako bat da salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea, Etxerat elkartearen esanetan. Hala, Salbuespen politikari stop! Etxean eta bizirik nahi ditugu lelopean mobilizatu dira gaur eguerdian, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan.

«Euskal gizarteari, eragile politikoei eta sozialei eskatzen diegu herri honen etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko», adierazi du elkarteak. Izan ere, salatu du ezin dela euskal gizartea kondenatu «erresoluzioa eta bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera».

Egungo espetxe politika «anakronikoa» dela salatu du Etxerat-ek, eta jarrera «immobilista» baztertzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Izan ere, salatu du zenbait epailek, biktimen elkartek, eta espazio politiko eta mediatikok «mendeku gisa» mantentzen duten jarrera nagusitzen dela estatuetan. Elkartearen hitzetan, Madrilek eta Parisek ez dute kontuan hartzen «euskal gizarteak herri honen etorkizunerantz aurrera egiteko hartu duen erabakia».

Egun, hamazazpi euskal preso daude Frantziako espetxeetan, eta 70 baino gehiago Espainiakoetan. Egoera hori «salbuespenezkoa eta anakronikoa» da, elkartearen iritziz; are gehiago «biolentzia zikloa amaitu eta ia 11 urtera». Era berean, salatu dute salbuespenezkoa dela gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi preso eta 70 urtetik gorako beste zazpi oraindik espetxeratuta egotea. Elkarteak Jakes Esnalen, Ion Kepa Paroten eta Unai Paroten egoerari ere erreferentzia egin die. Hirurek 32 urte baino gehiago daramatzate kartzelan.

Etxerat-ek bestelako urratsak ere eskatu ditu. «Zuzenbidearen aurkakoa da sei presok baino ez izatea irteera baimenak», salatu du, eta gehitu «ohiko legaltasuna» aplikatuko balitz 151 presok izan beharko luketela halakoak eskuratzeko eskubidea. Gradu aldaketei dagokienez, berriz, «mendeku» jarrera mantentzen dela azaldu du. Etxerat-en arabera, 122 presok egon beharko lukete hirugarren graduan, baina orain arte 27k eskuratu dute. Era berean, adierazi du erbesteratuetan 24 lagunen eta deportatutako zortziren itzulera eskatzeko ordua dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.