Albistea entzun

Kolonbia

Kolonbiak «bigarren aukera» duela esanez hartu du presidentetza Petrok

Mari Jose Pizarrok jantzi dio soinean banda presidentziala, M-19 gerrillan Petroren kide izan eta presidentegai zenean hil zuten Carlos Pizarroren alabak. Petrorekin batera, Francia Marquezek ere hartu du presidenteorde kargua.

Gustavo Petro eta MariJose Pizarro, atzo gauean, Petrok karguari zin egin berritan.
Gustavo Petro eta MariJose Pizarro, atzo gauean, Petrok karguari zin egin berritan. Mauricio Dueñas Castañeda Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretagoiena -

2022ko abuztuak 8 09:20

«Zin egiten diot Jainkoari, eta hitzeman herriari, Kolonbiako Konstituzioa eta legeak leialki beteko ditudala». Halaxe egin du karguaren zina Gustavo Petro Kolonbiako presidente berriak, Kolonbiako lehen ezkerreko gobernuaren buruak. Roy Barreras Kongresuko presidentearen eta Bogotako Bolivar plaza bete duten milaka jarraitzaileren aurrean egin du zina, eta Carlos Pizarroren alaba Mari Jose Pizarrok jarri dio soinean Kolonbiako bandearen koloreak dituen banda edo xarpa presidentziala. Carlos Pizarro M-19 gerrillako kide eta buruzagia izan zen, eta 1990eko apirilaren 26an hil zuten, presidentegai zela, bakea sinatu eta hauteskundeak egin ondoren.

«Bizitzaren eta bakearen gobernua da hau, eta halaxe oroituko dute», adierazi du Petrok inbestidura ekitaldian: «Amaitu dira ezin liteke eta halaxe izan da beti bezalakoak. Gaur hasi da posible denaren Kolonbia. Gaur hasi da gure bigarren aukera; geuk irabazi dugu, eta zuek irabazi duzue. Zuen ahaleginak balio izan du, eta balio izango du. Aldaketaren ordua da». Bere familia aipatuz hasi du diskurtsoa, baina «langilearen, nekazariaren eta kaleak garbitzen dituenaren esku xeheak» ere izan ditu gogoan: Herriarekiko maitasuna, bazterkeria sufritzen duen jendearekikoa, horrek nauka hemen nazioa batu eta eraikitzeko».

Petrorekin batera, Francia Marquez presidenteordeak ere hartu du kargua.

Erreforma ekonomiko eta sozialak hitzeman ditu Petrok hasieratik, eta armak uzteko deia egin die oraindik jardunean jarraitzen duten gerrillariei. 2016an FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta Kolonbiako Gobernuak adostutako akordioa betearaziko duela ziurtatu du, eta ELN Nazioa Askatzeko Armadari mintzatu zaio bereziki: «Dei egin diegu oraindik armatuta dauden guztiei horiek iragan goibelean uztera. Dei egiten diegu bakearen eta biolentziaren behin betiko amaieraren truke onura juridikoak onartzera, eskualdeen atzerapena amaituko duen ekonomia emankor baten jabe bihurtzeko lan egitera».

Bogotako Bolivar plaza, atzo. Carlos Ortega / EFE

Juan Manuel Santos (2010-2018) presidente zela hasi zituzten elkarrizketak bai FARCek bai ELNk, Habanan, eta hantxe jarraitu nahi ditu Petrok ere. ELNk uztailaren 5ean iragarri zuen gobernu berriarekin negoziazioak hasteko prest dagoela, eta joan den astean, FARCeko disidenteak ere prest agertu ziren Petrorekin hitz egiteko. Santosekin egindako bake akordioen ondoren ere, pobreziak, goseak eta bortxakeriak ez dute etenik, bereziki landa eremuan. Bi egunez behin hiltzen dute militante sozial bat: Indepaz erakundeak ekainean emandako datuen arabera, gutxienez 86 lider sozial eta bake akordioa sinatu zuten FARCeko beste 21 gerrillari ohi hil dituzte aurten.

Drogaren aurkako politikak eta zerga erreforma

Bake akordioez ez ezik, «drogaren aurkako gerra amaitu» beharraz ere hitz egin du Petrok agintea hartzean. «Beharrezkoa da Nazioarteko Konbentzio bat, drogaren aurkako gerrak porrot egin duela onartzeko; 40 urteotan, miloi bat latinoamerikar hil ditu gerra horrek, gehienak kolonbiarrak». Urtero gaindosiz 70.000 estatubatuar hiltzen direla ere aipatu du Kolonbiako presidenteak. «Gerra» gisa ikusi ordez, drogaren aurka «gizarte aurreratuetan prebentzio politiko sendoak» egin behar direla azaldu du Petrok.

Azkenik, zerga erreforma «justu» bat ere hitzeman du Kolonbiako presidenteak. Azaldu duenez, kolonbiarren %10ek dute herrialdeko aberastasunaren %70, eta ziurtatu du «berdintasuna» posible dela, «guztiontzako aberastasuna sortu eta modu justuago batean banatzeko gai izanez gero». Jose Antonio Ocampo Ogasun ministroak gaur aurkeztu duen lege proiektuaren bidez, gobernuak espero du ezartzen den lehen urtean 5.700 milioi euro inguru gehiago biltzea, eta kopuru hori bikoiztea zerga iruzurraren kontrako neurriei esker.

Zerga erreformak proposatzen du, besteak beste, enpresei hobari fiskal batzuk murriztea, azukredun edariak zergapetzea eta zergak ezartzea petrolio, ikatz eta urre esportazioei, horiek kopuru jakin bat gainditzen dutenean.

Petrorentzat «lehentasunezkoa» da zerga erreforma indarrean jartzea. Proposamena Kongresuan aurkeztu du gaur gobernuak, eta, printzipioz, hura onartzeko gehiengoaren babesa izango du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...