AEB-ak

Trumpen aurka zabaldutako auziak

AEBetako presidente zen garaian ustez Etxe Zuritik ateratako dokumentu klasifikatuen ikerketa ez da buruzagi errepublikanoaren kontra zabaldutako bakarra.

AEBetako presidente ohi Donald Trump Waukeshan egindako ekitaldi batean. TANNEN MAURY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 9a
12:02
Entzun

Donald Trump buruzagi errepublikanoaren etxea miatu du goizaldean FBIak, estatuburu ohiak berak sare sozialetan zabaldutako mezuaren arabera. AEBetako presidente zenean Etxe Zuritik dokumentu klasifikatuak hartu izana egozten diote, baina salaketa hori ez da azken urteetan haren aurka aurkeztutako bakarra. Hona hemen buruzagi errepublikanoak zabalik dituen auziak:

Dokumentu nazionalen jabetza. AEBetako Artxibo eta Erregistro Nazionalen Administrazioak joan den otsailean jakinarazi zion Kongresuari Etxe Zuriko dokumentuak gordetzen zituzten hamabost kaxa berreskuratu zituztela Trumpek Floridan duen etxetik. Dokumentu klasifikatuak ziren haietako batzuk. Ordezkarien Ganberako Ikuskaritza Batzordeak jakinarazi zuen orduan ikerketa zabalago bat jarriko zuela abian Trumpen ekintzak argitzeko, eta informazio gehiago eskatu zion administrazioari. Aurrez buruzagi errepublikanoak berak aitortu zuen hainbat dokumentu itzultzea adostu zuela artxibategiarekin, baina «ohiko prozedura» bat zela esan zuen.

Kapitolioaren aurkako erasoa. 2021eko urtarrilaren 6an, Trumpen ehunka jarraitzaile indarrez sartu ziren AEBetako Kapitolioan, eta presidentetzarako bozetan iruzurra izan zela salatu. Handik gutxira, demokraten ekimenez, ikerketa batzorde bat jarri zen abian argitzeko buruzagi errepublikanoak sustatu ote zuen erasoa, bozetako porrota iraultzeko. Batzordeak salatu zuen Trump ahalegindu zela orduan presidenteorde zen Mike Pencek Joe Biden presidentegai demokrataren aldeko botoak indargabetu zitzan, edo, gutxienez, botoen zenbaketa atzeratu zezan. Hala ere, batzordeak berak ezin du Trump auzipetu delitu federal bat egiteagatik. Merrick Garlandek zuzentzen duen Justizia Departamentuaren eskumena da hori, eta, hark urratsa egingo balu, fiskaltzaren ardura litzateke frogatzea Trump bozak indarrez iraultzen ahalegindu zela. Hala balitz, sedizioa ere egotzi ahalko liokete buruzagi errepublikanoari, gobernua indarrez desegitea egotzita.

Iruzurra. Urtarrilaren 6ko ikerketa batzordearen saio batean, demokratek salatu zuten Trumpek 250 milioi dolar —244 milioi euro— jaso zituela bere jarraitzaileengandik auzitegietan bozetako ustezko iruzurra salatzeko, baina dirua «beste zeregin batzuetarako» baliatu zuela. Hori egiaztatuko balitz, aukera egongo litzateke haren aurkako iruzur ikerketa bat zabaltzeko, dirua «asmo faltsu edo iruzurrekoen bidez» lortzeagatik.

Georgiako hauteskundeak manipulatzea. Joan den maiatzean, epaimahai berezi bat osatu zen Georgiako Fiskaltzak eskatuta, ikertzeko Trumpek esku hartu ote zuen 2020ko bozen emaitzak manipulatzeko. Ikerketa telefono dei batean oinarritzen da, iazko urtarrilaren 2an orduan estatuburu zenak Georgiako Estatu idazkariari, Brad Raffensperger errepublikanoari, egindakoa. Dei horretan Trumpek eskatu zion Raffenspergerri «aurki» zitzala errepublikanoen porrota irauliko zuten botoak. Elkarrizketaren grabazioa Washington Post egunkariak zabaldu zuen. Adituen arabera, buruzagi errepublikanoari hiru delitu federal egozteko aukera legoke: hauteskunde iruzurra egiteko azpijokoa; hauteskunde iruzurra egiteko eskari kriminala; eta hauteskunde betebeharretan esku hartzea.

New Yorkeko ikerketa kriminala. Manhattan barrutiko fiskala ikertzen ari da Trumpen familiaren higiezinen enpresak bere jabetzen balioak faltsutu ote zituen mailegu mesedegarriak lortu eta zerga gutxiago ordaintzeko. Ikerketako arduradunetako bik dimisioa eman zuten otsailean, baina fiskaltzak iragarri du aurrera egingo dutela.

E. Jean Carroll.Elle aldizkariko kazetari ohia da E. Jean Carroll. 2019an Trumpen aurkako salaketa jarri zuen, bere izen ona zikintzea egotzita, buruzagi errepublikanoak ukatu egin zuelako 1990eko hamarkadan, New Yorken, kazetaria bortxatu izana. Orain auzitegiek erabaki behar dute Carrollen salaketa ontzat eman edo ez. Dena den, Trumpen abokatuek argudiatu dute legedi federalak babestu egiten dituela gobernuko funtzionarioak difamazio salaketen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.