Donostiako 70. Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 9a
18:51
Entzun

Donostiako 70. Zinemaldiko atzera begirakoan, Claude Sautet zinemagileak (Montrouge, Frantzia, 1924 - Paris, 2000) 1956tik 1995era zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dituzte. Zikloa Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatu dute, eta Conversaciones con Claude Sautet liburuarekin osatuko da, Michel Boujutek egindako elkarrizketen liburukiaren gaztelaniazko itzulpenarekin, hain zuzen.

Romy Schneider, Michel Piccoli eta Emmanuelle Beart antzezleekin egindako kolaborazioengatik da ezaguna Sautet, eta nolabaiteko bidegurutze batean kokatu zen Frantziako zinemaren historian: ez zen gerraosteko zinemagileen belaunaldikoa, ez eta nouvelle vague-koa ere. 1950. urtean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari laguntzaile. Georges Franjuren Les yeux sans visage (1960) izan zen lan horretan egin zuen film garrantzitsuena, baita azkena ere.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, Bonjour, sourire! komedia musikala (1956). Filmak kontatzen duen istorioan, Aline, tronuaren oinordekoa, kemenik gabe dago. Lehen ministroa edozer egiteko prest dago Alinek berriz irribarre egin dezan, hura seduzitu, harekin ezkondu eta errege izan nahi baitu egunen batean. Dena dela, Sauteten lehen interesak Frantziako polar izenekogenero beltzerantz zuzendu ziren; halakoxea da, esaterako, Classe tous risques (1960), hark bere lehen lantzat jotzen zuena; protagonista Lino Ventura izan zen.

1959an, Sautet eta Ventura beste polar batean aritu ziren: Le fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu zuen, eta, ematen duenez, zenbait sekuentzia filmatu zituen, Maurice Labroren izenean bakarrik akreditatuta badago ere. Nouvelle vague-a jaio zen garai horietan, eta, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, hor zegoen Jean-Paul Belmondo Classe tous risques filmean lapur baten rola egiten, Jean-Luc Godarden À bout de souffle filmean bezala (1960).

Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta Jose Giovannirekin ere, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre filmaren (1963) gidoian eta beste zenbait polizia filmetan parte hartu baitzuen.

Hamarkada aldaketarekin Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena abiatu zuen, Schneiderren eta Piccoliren bultzadari esker, eta beren kolaborazioak Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren. Lehenengo filmean, Pierrek trafiko istripu bat izan du, eta, ia konorterik gabe dagoela, iraganean bizi izandakoa gogoratzen du. Bigarrenean, Max polizia inspektoreak tranpa bat ipiniko die gaizkile amateur batzuei, haiek atxilotzeko asmoz.

Jauzi bat ilunerantz

Drama, ordea, ilundu egin zen Mado (1976), Une histoire simple (1978) eta Garçon! (1983) filmetan. Mado filmean, Simon Leotard dirurik gabe geratu da lehiakide baten erruz. Mado prostituta gazteari esker, Simon mendekatu egingo da. Une histoire simple filmeko Marie 40 urteko emakume dibortziatu bat da, eta seme nerabe bat du. Bere bikotekide berriak haurdun utzi duela konturatzean, gizona utzi, eta abortatzea erabakiko du. Garçon! filmean, berriz, Alex 60 urte inguruko gizonak topo egingo du hamazazpi urte lehenago ezagutu zuen Clairerekin.

Sautetek drogazale baten emozio eta familia erreabilitazioa hizpide dituen drama bat ere egin zuen: Un mauvais fils (1980). Quelques jours avec moi tragikomedia erromantikoa ere egin zuen, 1988an. Lehenengo filmean, Ameriketako Estatu Batuetako kartzela batean droga trafiko eta kontsumoagatik bost urte preso igaro ondoren, Bruno aitaren etxera itzuli da. Egoera jasanezin bihurtuko da berehala, aitak amaren heriotza leporatzen baitio, atxilotu zutenean gertatu zena. Bigarren filmean, familia aberatseko gizon bat, Martial, ez dago gustura bere buruarekin. Limogesera joango da bizitzera, eta hango burgesiaren bizitza eta Francine neska aztoratuko ditu.

Gero, Beart aktorearekin lan egin egin zuen, eta harekin filmatu zituen bere azken bi lanak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995). Maxime eta Stephane adiskideak dira lehen filmeko protagonistak. Maxime Camillerekin maiteminduko da, eta Stephanek amorratu egingo du Camille. 1995. urteko filmean, Nelly gazteak topo egingo du Pierre Arnaudekin, adineko gizon aberats eta erretiratu batekin. Pierre bere memoriak idazten ari da, eta Nellyri horiek transkribatzeko proposatuko dio.

Bere azken lana Collectif de Cineastes Pour les Sans-Papiersen barruan egin zuen (Papergabeen Aldeko Zinemagileen Kolektiboa). Talde hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten, eta film formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkinak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Aipatutakoez gain, L'arme á gauche (1965), César et Rosalie (1972) eta Vincent, François, Paul et les autres (1974) filmak ere emango dituzte zinemaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.