Komunikazioa

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 10a
11:52
Entzun

«Arraldeko Udalak (Bildu) seme kutun izendatu du Miguel Angel Blancori tiro egin zion etakidea, PSOEko hiru zinegotzien abstentzioarekin. PPren zinegotzi bakarrak osoko bilkura utzi du protesta egiteko. Birtxiokatu, lotsagarrikeria hori ezagutu dadin». Hori txiokatu zuen Twitterreko @DonMitxel_I erabiltzaileak astelehen eguerdian, eta mezua berehala egin zen birala. Milaka interakzio eragin zituen, eta, besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak ere zabaldu zuten txioa. Haiek eta beste ehunka espainiar nazionalistak.

Txiokoa, ordea, albiste faltsu bat da. Lehenik eta behin, Arralde ez delako benetako herri bat —Goenkale telesailean ageri zen herria da—. Hasi eta buka, asmatutakoa da Don Mitxelen txioa.

Hala, txiolari horren esperimentuak agerian utzi du sare sozial horretan milaka erabiltzailek duten jarrera: egiaztatu gabeko albisteak sinesteko gai dira euren iritzi politikoak indartzen badituzte. Hala idatzi du Don Mitxelek berak: «Manipulazioa baldarra izateak berdin du, Arralde ez existitzeak berdin du, iturri bakarra Kalimero izateak badu sinesgarritasuna; hemen, kanabera botatzen duzu, eta berehala ohartzen zara nola funtzionatzen duen Espainia txoriburuak jasotzen duen informazioak».

Albiste hau idazteko garaian, txioak 5.000 birtxio, 1.130 aipamen, 7.600 atsegite eta ia mila erantzun ditu. Asko dira txioak dioena egia balitz bezala erantzun dutenak. Eta, tartean, badira, noski, Don Mitxelen froga umorez hartu dutenak, baita erabiltzailea zoriondu dutenak ere. Goraipatu dute esperimentuak bikain erakusten duela bai nola funtzionatzen duten albiste faltsuek, bai haiek zabaltzea zein erraza den: «Orain imajinatu horrelako txio bat idazten duena estoldetako kazetari edo hedabide bat dela», idatzi dute batek baino gehiagok, izango lukeen hedapenaz kezkatuta.

Bestetik, amua irentsi zuten hainbatek jo dute Don Mitxelen aurka. Blancori eta ETAren biktimei barre egitea egotzi diote. Txioa benetakoa ez zela ohartu aurretik, berriz, Pedro Sanchezen gobernuaren aurka jo dute gehienek; «etakideen zuritzearen konplize» izatea egozten zioten. Hainbatek #PSOETA traola erabili dute. Beste hainbatek EH Bildu ETA dela ere esan dute.

Gezurra badirudi ere, ez da Arralderekin antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia. Izan ere, 2009. urtean, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Polizia bidali zuen Arraldera. Aurrez, Dignidad y Justicia elkarteak salaketa bat jarri zuen, herri horretan ustez euskal presoen aldeko egun bat antolatu zutelako, egitarau eta guzti. Ustezko antolatzailea Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM) zen, eta askatu.org webgunearen bidez zabaldu zuten kartela: «Zentzugabekeria honetan guztian, ziria sartu nahi genien», adierazi zuten AAMkoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.