Komikia

Jean-Jacques Sempe diseinatzailea hil da, Nikolas Txikiren sortzailea

Etxe askotan irakurri izan dira Nikolas Txikiren abenturak. Atzo zendu zen haur jostariaren sortzaileetako bat, Jean-Jacques Sempe diseinatzaile eta marrazkilaria, 89 urterekin.

Jean-Jacques Sampe, 2016ko argazki batean. OLIVIER MEYER.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 12a
09:44
Entzun

«Jean-Jacques Sempe umorista eta marrazkilaria lasai ederrean hil da, abuztuaren 11n, ostegunarekin, 89 zituela, bere oporretako etxean, emazteak eta lagunek inguratuta». Halaxe eman du diseinatzaile frantsesaren heriotzaren berri haren lagun eta biografo Marc Lecarpentierrek. Akitania Berriko Pessac herrian jaio zen Jean-Jacques Sempe (1932-2022), Bordeletik gertu, eta Rene Goscinny idazlearekin batera sortu zituen Nikolas Txikiren abenturak, 1959tik aurrera.

Hainbat egunkaritan argitaratu ziren haien istorioak 1965era arte, eta, garai hartan hainbesteko arrakastarik izan ez bazuten ere, denborarekin herrialde eta etxe ugaritara iritsi ziren. Azkenerako, 15 milioi kopia saldu zituzten 45 herrialdetan. Umore zintak ere egiten zituen Sempek egunkarietan, eta The New Yorker egunkariaren azalak diseinatzen aritu zen 1978tik aurrera. Lan hark eman zizkion diru sarrera finkoak, baina ordura arte ez zuen ibilbide samurra izan.

Harrera etxe batean bizi izan zen aurrena, seme ez-legitimotzat zeukatelako —amak nagusiarekin izandako harreman batetik jaio zen—. Ama oso bortitza omen zen Semperekin, eta aitaordea, berriz, alkoholikoa. Hala kontatu izan zuen berak: «Ama beti entzuten nuen aitari kargu hartzen, ez zuelako aurkitzen zeukan lan miserableaz beste lanik. Beti borrokak, liskarrak, zorrak». Eskola utzi eta armadan sartu zen 14 urterekin, eta besteak beste banatzaile aritu ondoren hasi zen prentsan marrazkiak saltzen. Sud Ouest egunkarian hasi, eta The New Yorker, Paris Match, Pilote eta L'Express egunkarietan egin zuen lan, besteak beste.

Agentzia batean ari zela ezagutu zuen Goscinny. «Hezi nindutenean jasan behar izan nuen miseriara itzultzeko modu bat ziren Nikolasen istorioak, neure buruari dena ondo joan zela esaten nion bitartean», esan zuen Sempek 2018an.

Euskarara 1994tik aurrera ekarri zituzten Nikolas Txikiren abenturak, Elkar argitaletxearekin. Gutxienez zazpi liburu badira, Imanol Tapiak, Ramon Agirrek, David Urbistondok, Koro Navarrok eta Josu Zabaletak itzuliak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.