Indarkeria matxista

Behin-behinean kartzelatuko dituzte Baionako bestetako talde bortxaketako bi susmagarriak

Baionako bestetan izandako talde bortxaketaren harira, ustezko bi erasotzaileak preso sartzeko agindu du Paueko Auzitegiak, auziaren beha. Indarkeria matxistarekin lotutako beste hiru erasoren berri ere eman dute Euskal Herrian egun. Bi gizon kondenatu dituzte adingabeei sexu erasoak egitea leporatuta, eta gizon bat atxilotu dute Gasteizen.

Baionako auzitegia, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat - Nagore Arin
2022ko abuztuaren 12a
10:45
Entzun

Baionako bestetan, emakume batek salatu zuen bi gizonek bortxatu egin zutela. Hala, Frantziako Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta afera Baionako Auzitegiaren esku gelditu da, talde bortxaketagatik. Ikerketapean ezarri dituzten bi gizonak kontrol judizialpean aske utzi zituen epaileak hasieran, baina, Baionako prokuradorearen helegite baten ondorioz, preso sartzeko agindu du gaur Paueko Dei Auzitegiak (Okzitania).

Izan ere, fiskalak aste honetan egin zion galdea epaileari. Biktimari «presio» egiteko arriskua zegoela erran zuen, baita ihes egiteko arriskua zutela ere. Emakumeak salatu zuen gizonetako baten etxean gertatu zela bortxaketa, Angelun (Lapurdi), Baionako besten denboran; zehazki, uztailaren 28ko gauean. Susmagarrietako batek bortxaketa telefonoarekin grabatu zuela ere salatu zuen emakumeak, eta bideoa beste gizon bati bidali ziotela.

Bi gizon kondenatuta adingabeei eraso egiteagatik

Baionako auzitegiak 69 urteko Kanboko (Lapurdi) gizon bat epaitu eta kondenatu zuen atzo, bi alabei sexu erasoak egiteagatik. Biktimek, egun, 14 eta 12 urte dituzte; erasoak egin zizkietelarik, 7 eta 5. Hunkituak eta hitzezko jazarpen sexuala egitea leporatzen diote gizonari. Gainera, biktimen amak —gizonaren alaba da— salatu du haurra zenean gisa bereko erasoak jasan behar izan zituela; gizonak aitortu duen arren, kasua preskribatua dago, eta ezin izan dute horregatik epaitu. Ez da lehen aldia gizona sexu delituengatik kondenatzen dutela: duela bederatzi urte, lan egiten zuen zahar etxeko andre bati ukituak egiteagatik kondenatu zuten.

Epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio, baina bakarra betetzeko aginduarekin, eta etxetik betetzen ahalko du kondena. Biktimei 8.000 euroko kalte ordaina eman beharko die, eta ezingo da haiengana hurbildu hiru urtez. Epaileak arta psikologikoak jasotzera ere behartu du.

Gasteizen, Arabako probintzia auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta bost urteko inhabilitazioa jarri dizkio gizon bizkaitar bati, begirale zela adingabe bati ukituak egin izana leporatuta. El Correo hedabideak eman du gizonezkoari jarritako zigorren eta epaiaren sententziaren berri, eta zehaztu du bi urteko espetxe zigorra jarri arren ez dela espetxean sartuko, ez duelako aurrekaririk. Espetxe zigorraz gain, bost urteko inhabilitazioa jarri diote, eta denbora tarte horretan ezin izango du adingabeekin lotura izan dezakeen inolako jarduerarik egin. Halaber, 3.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio ukituak egin zizkion adingabeari.

Sententziak jasotzen duenez, gizonezkoak 2019ko uztailean eginiko irteera batean egin zizkion ukituak adingabeari, Araban. Prozesu judizialean, akusatuak ukatu egin du adingabeari ukituak egin izana, baina, El Correo hedabideak jaso duenez, gizonezkoak aitortu du sexua mintzagai zuten testuinguru batean «hitz desegokiak» erabili ahal izan zituela, eta «gaizki-ulertu» gisa izendatu du hori. Adingabeak, berriz, deklaratu zuen iruzkin sexual horiek «etengabeak» zirela. «Nazkagarriak ziren, eta oso deseroso sentiarazten ninduten».

Beste kasu baten berri ere eman dute, egun. Gasteizen, 30 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Udaltzaingoak, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Larrialdi zenbakira egindako dei baten ondorioz, Udaltzaingoa Gasteizko etxebizitza batera joan zen; andreak zauriak zituela ikusirik, gizonak egindakoak zirela «egiaztatu» zuten. Hala, atxilotzea deliberatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.