SUTEAK

Kontrolpean dute atzo Agurainen piztutako sutea

Sute bat piztu zen atzo Agurain aldean (Araba), eta kontrolpean hartu dute suhiltzaileek, bart hura itzaltzeko lanetan aritu ondoren. Okzitaniako suteak ez dira gehiago hedatu gauean, eta trafikoa normal dabil Irun aldean. Halere, Akitania Berriko Prefeturak adierazi du sutea hedatzeko arriskua «oso handia» dela oraindik.

Girondako suteetak, aste honetan. PHILIPPE LOPEZ / POOL
2022ko abuztuaren 12a
11:17
Entzun

Beste sute bat; Agurain (Araba) aldean orain. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, herri ondoko baso batek su hartu zuen atzo 17:00 aldera, trenbidetik hurbil. Hipotesi nagusia da trenak sortutako txinpartek piztu zutela soroetan zabaldu zen sutea. Suhiltzaileak gogor aritu dira gauean hura itzaltzeko ahaleginetan, eta, Segurtasun Sailaren arabera, kontrolpean hartu dute dagoeneko. Helikopteroek behar bezala lan egin dezaten, poliziek trafikoa eten zuten atzo A-1 errepidean, bi noranzkoetan, baina dagoeneko zabaldu dute bidea.

Suteek kezkarako zio mordoa eman dute azken orduotan. Okzitaniako Gironda departamenduan eta Landetan piztutako suteek 7.400 hektarea erreak zituzten atzo iluntzerako, baina, Akitania Berriko Prefeturak adierazi duenez, bart gauean ez dira gehiago hedatu. Hori dela eta, mugako trafikoa normalizatu egin da gaur; izan ere, Biriatuko muga itxi zuen atzo Frantziak suteengatik, eta auto pilaketa luzeak izan ziren. Bost kilometrotik gorako ilarak izan ziren atzo. A-63 autobidea itxita dago oraindik kamioientzat, eta A-64, A-65 edo A-62 autobideak erabili behar dituzte.

Arratsaldean ibilgailu batzuk pilatzen hasi dira Irun aldean, ordainlekuetan, udan sarritan ohi duenez. Oporretarako irteerak eta oporretako itzulerak hartuko dute asteburua, eta espero da trafiko handia izatea.

Nahiz eta bart gauean suteek aurrera ez egin, Akitania Berriko Prefeturak dio suteak hedatzen jarraitzeko arrisku handia duela, tenperatura beroengatik eta lurraren lehortasunagatik. Hori dela eta, suak itzaltzen dabiltzan 1.100 pertsonek lanean jarraituko dute. Europako hainbat herrialdetako larrialdi zerbitzuetako langileak suteak itzaltzen laguntzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.