Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» salatu du

Sare Herritarrak adierazi du 47 euskal preso daudela oraindik urruneko espetxeetan

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, gaur goizeko prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 12a
13:04
Entzun

Euskal presoen egoerari eta haren bilakaerari buruzko balorazioa egin du gaur Sare Herritarrak, Donostian. Mugimenduak adierazi du bilakaera motela izan dela, baina aurrerapausoak positiboak direla. «Geldialdi asko izan dira, baina atzean utzi dira Euskal Herritik urrunen dauden kartzelak», argitu dute.

Sare Herritarrak azpimarratu duenez, orain lau urte, Espainiako Gobernuak adierazi zuen espetxe politika eta urruntzea bertan behera geldituko zirela. Hala ere, gaur egun 47 euskal preso daude oraindik urruneko espetxeetan.

Presoak etxera itzultzeko prozesuaz ez ezik, gradu aldaketak eta baimenak lortzeko zailtasunez ere hitz egin dute. «Auzitegi Nazionala zeregin erabakigarria betetzen ari da, fiskaltzarekin, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralarekin eta Auzitegi Nazionaleko zigor arloko aretoarekin batera», adierazi du plataformak. Instantzia horiek «blokeo jarrera» dutela nabarmendu dute.

Egoera horren erakusle diren zenbait adibide eman ditu Sarek. Esaterako, 160 euskal preso inguruk baimenak jasotzeko baldintzak betetzen dituzte, baina gehienez ere 30ek lortu dute. Hirugarren graduari dagokienez, 80 preso inguruk egon beharko lukete egoera horretan, baina 20 daude. «Auzitegi Nazionala eskuin mutur politikoaren organo juridikoaren rola betetzen ari da», adierazi du.

Eskakizun andanari buruz mintzatu ahal direla aitortu dute, hala nola gaixo dauden presoen egoerari buruz, urruntze politikaren inguruan edo legediaz. Hala ere, bakarrean zentratuko direla azpimarratu du Sare Herritarrak: salbuespen egoeraren amaiera eskatzean. «Ez gara pribilegioez ari, justiziaz ari gara», azpimarratu du plataformak.

Alde positiboa

Presoengandik hurbil dauden horien jarrera nabarmendu du Sarek: «Ahalegina egiten ari dira salbuespen legeriaren ondorio negargarriak saihesteko». Presoen egoeraren bilakaera aztertu ondoren hartzen dituzte erabakiak. «Mendekua eta irizpide politikoak aplikatu ordez, justizian oinarritutako irizpideak aplikatu beharko lirateke», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.