Literatura

Salman Rushdie arnasketa lagunduarekin daukate, New Yorkeko erasoaren ondorioz

Idazlearen osasun egoerari buruzko berriak «ez dira onak», haren ordezkariaren hitzetan. Ustezko erasotzailea atxilotu dute: 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Fiskaltzak Rushdie hiltzen saiatzea leporatu dio. Idazlea heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan, 'Satanic Verses' (Bertset satanikoak) idatzi zuenez geroztik.

Salman Rushdie idazlearen argazki bat, artxibokoa. HAYOUNG JEON / EFE
Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz
2022ko abuztuaren 12a
17:59
Entzun

Salman Rushdie idazleari eraso egin zioten atzo, Euskal Herrian 16:45 zirenean, hitzaldi bat ematera zihoala, Chautauquan, New Yorkeko mendebaldean (AEB). Agertokian zegoela, gizon bat haren gainera joan zitzaion, eta lepoan eraso zion labanaz, New Yorkeko Poliziak adierazi duenez. Erasotzaileak hitzaldiaren gidaria ere zauritu du. Idazleak 75 urte ditu, eta heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan. Irango buruzagi goren Ruhollah Khomeini aiatolak mehatxatu zuen.

Lekuko batzuek CBS telebista kateari kontatu diote erasotzaileak lepoa eta torax aldea sastatu dizkiola. Aretoan zeuden pertsona batzuek artatu dute, eta beste batzuek atzeman dute erasotzailea. Rushdie tokian bertan artatu zuten, eta helikopteroz eraman ospitalera. Poliziak jakinarazi duenez, gutxienez labankada bana jaso ditu Rushdiek lepoan eta abdomenean. Ebakuntza bat egin diote, eta intubatuta dute, ezin baita bere kabuz arnasari hartu. «Berriak ez dira onak. Ziur aski, begi bat galduko du. Besoko nerbioak moztuta dauzka, eta gibela sastatuta eta kaltetuta», zehaztu du haren ordezkari Andrew Wyliek.

Poliziak atxilotu egin du ustezko erasotzailea. Hadi Matar izena duela azaldu dute; 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Fiskaltzak Rushdie hiltzen saiatzea egotzi dio, eta behin-behineko atxiloaldian dute, fidantzarik gabe. Ez dute erasoaren arrazoirik eman, baina urteak dira Rushdie mehatxupean zela. Zehazki, Satanic Verses (Bertset satanikoak) liburua argitaratu izanak korapilatu zion bidea. 1988az geroztik, debekatuta dago Iranen: Khomeini aiatolak argudiatu zuenez, nobela hura «iraingarria» da islamarentzat. Agintariak neurri gogorrak agindu zituen idazlearen kontra; tartean, diru sari handiak eskaini zituen hura hiltzearen truke —2012an, garai hartako 3,2 milioi eurora handitu zuten saria—. Mehatxuen ondorioz, Rushdie zaintzapean bizi izan da zenbait urtez.

Rushdieren bizitza «normal samarra» izan da azken boladan, Alemaniako Stern aldizkariak idazleari orain bi aste egin zion elkarrizketa batean esan zuenez. Elkarrizketa abuztuaren 18an argitaratzekoak ziren, baina larunbatera aurreratu dute azkenean, erasoaren biharamunera. Rushdie baikor aritu zen han, eta adierazi zuen Khomeiniren fatua aspaldiko kontua zela. Urte batzuk igaro zituen klandestinitatean, baina bizitza publiko arrunta egin zuen azken urteetan. Nostalgiarik ba ote zuen galdetuta, hau erantzun zuen: «Ez nuke esango. Maite dut historia, baina, nire bizitzari dagokionez, nahiago dut aurrera begiratu».

1989an, Khomeinik fatua igorri zuen urtean, lau bonba jarri zituzten Penguin Random House argitaletxearen Erresuma Batuko zenbait liburu dendatan —hark editatu zuen Satanic Verses—. 1991n, gizon batek labanaz eraso zion Ettore Capriolo liburuaren itzultzaile italiarrari, eta, handik egun gutxira, Hitoshi Igarashi japoniarra labanaz erasota hil zuen beste batek Tokion. Rushdie 1995eko irailaren 7an agertu zen jendaurrean lehenengoz fatua igorri zenez geroztik.

Sumina eta ezinegona

Notiziak harridura piztu du herritar askorengan, bai eta kezka ere, neurri berean. Nazioarteko kultura eta politika munduko pertsona ugarik egin dituzte adierazpenak gertatuaren gainean: erasoa salatu dute, bai eta idazleari elkartasun mezuak eskaini ere.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, esaterako, Twitter bidez eman dio babesa idazleari. «Sekula alboratu behar ez dugun eskubide bat baliatzen ari zela egin diote eraso. [...] Ongi egotea espero dugu», idatzi du. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere gaitzetsi egin du «eraso ankerra», eta Rushdieren «askatasunaren aldeko» borroka goraipatu: «Haren borroka gure borroka da: unibertsala da. Orain inoiz baino gehiago, harekin gaude», idatzi du Twitterren.

Besteak beste, Stephen King, Neil Gaiman eta J. K. Rowling idazleek idatzi dute espero dutela Rushdie sendatzea.

Nazioarteko PEN Klubak adierazpen askatasunaren aldeko mezu bat igortzeko baliatu du aukera: «Rushdie PEN komunitateko kide maitea dugu, eta mehatxatuta egon da urteetan. Inori ezin zaio horrela eraso egin, eta are gutxiago bere iritzia modu baketsuan adierazteagatik».

Irango Kayhan egunkariak, berriz, zoriondu egin du Matar, larunbateko edizioan. «Aupa, gizon ausart hori, bazekiena zein zen bere eginbeharra: Salman Rushdie apostata eta biziotsuari eraso egitea», idatzi dute. «Musu eman diezaiogun eskuan Jainkoaren etsaiaren lepoa laban batekin sastatu zuen horri». Irango agintariek ez dute ezer esan oraindik.

Rushdie Midnight's Children liburuarekin (Gauerdiaren haurrak) egin zen ezagun nazioartean, 1980an, eta ingelesezko eleberririk onenaren Booker saria irabazi zuen hurrengo urtean. Liburuak zalaparta eragin zuen Indian, batzuek leporatu ziotelako orduko lehen ministro Indira Gandhi iraintzen zuela.

Idazlea Bombayn jaioa da (India), 1947an, eta, ingelesez aritzen direnen artean, herrialdeko idazlerik ezagunena da egun. Haren estiloa Latinoamerikako zenbait idazleren errealismo magikoarekin lotu izan dute, eta idazleak berak aitortu izan du lurralde horretako literaturak eragin handia izan duela harengan, baita Indiako ahozko tradizioak ere.

2020an argitaratu zuen orain arteko azken liburua, Quichotte, Miguel de Cervantesen lanaren berrirakurketa bat, AEBetako orduko girora egokitua, Donald Trump agintean zela. Datorren urtean beste bat kaleratzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.