Indarkeria matxista

Emakume bati labanarekin eraso dio bikotekideak, Donostian

Atxilotu egin dute 26 urteko gizonezkoa; larri dago emakumea. Gainera, lau emakumek ziztadak salatu dituzte Donostian, eta Zumaian eta Algortan banak; Algortan, gainera, adingabe batek sexu abusuak salatu ditu. Bestalde, Baionan gizon bat behin-behinean preso sartu dute gaur, bikotekideari eraso egiteagatik. Gasteizen, berriz, 51 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, emakume bati sexu abusuak egitea leporatuta.

Zumaian (Gipuzkoa) eguerdian egin dute ziztadak gaitzesteko elkarretaratzea. UROLA KOSTAKO HITZA
2022ko abuztuaren 14a
20:31
Entzun

Poliziaren esku jarraitzen du Donostian bikotekideari labanarekin eraso egiteagatik atxilotutako 26 urteko gazteak. Igandeko goizeko zazpietan izan zen erasoa, Amara auzoan, eta larri zaurituta eraman zuten ospitalera emakumea. Lepoan eta bizkarraldean zauritu zuten. Indarkeria matxistarekin lotuta beste atxilotu bat ere izan da igande goizaldean; 04:00 aldera atxilotu zuten beste gizon bat, emakume bati ukituak egiteagatik.

Bestalde, gizon bat behin-behinean preso sartu dute Baionan, bikotekideari eraso egiteagatik. Iragan ostegun gauean gertatu zen erasoa, eta Frantziako Poliziak berehala atxilotu zuen gizona. Emakumea aurpegian kolpatu zuen, eta bost eguneko lanerako gaitasun eza ezarri zion medikuak andreari. Baionako prokuradoreak berehala presondegiratzeko agindu zuen, aurrekariak dituelako. Izan ere, iragan astelehenean atera zen kartzelatik, droga trafikoarekin lotutako kondena bat bete ostean. Bihar epaituko dute Baionako Auzitegian.

Ziztada kasuek ere etengabe agertzen jarraitzen dute. Azkenak, asteburuko jaietan: Donostiako Aste Nagusiko lehen egunean lau emakumek salatu dute ziztatu dituztela, Zumaiako Euskal Jaietan batek, eta Algortako (Getxo) Portu Zaharreko festetan beste batek, kasu horretan adingabe batek.

Ertzaintza kasuok ikertzen ari da, eta gaur elkarretaratze bana egin dute hiru leku horietan. Zumaian, mugimendu feministak deituta, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira hainbat herritar. Eraso egin zioten emakumea Donostiako ospitalera eraman zuten probak egitera, eta salaketa jarri du.

Eraso gehiago Algortan eta Gasteizen

Algortan, gainera, ziztada kasua ez da salatutako eraso matxista bakarra izan. Adingabe batek salatu du sei eta zortzi lagun arteko gazte talde batek ukituak egin zizkiola. Hori dela eta, arratsaldean elkarretaratzea egin dute han ere, mugimendu feministak deituta.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du Portu Zaharrean gertatutakoa argitzeko, eta beste bat zabaldu du Gasteizen. Han, emakume batek sexu abusu bat salatu du. Poliziak 51 urteko gizon bat atxilotu du.

Ikusi gehiago:Bi eraso matxista salatu dituzte, Irunen eta Azkainen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.