Bere etxean hil dute 21 urteko Mohammad Ibrahim Shham, Jerusalem ekialdeko Kufr Aqab barrutian. Palestinako Wafa berri agentziak zabaldu duenez, militarrak gaztearen etxera sartu, eta tiro egin diote, eta jarraian atxilo eraman dute. Handik gutxira eman du armadak berak gaztearen heriotzaren berri.
«Ez dakigu zergatik sartu diren etxera; guztiok hilko gintuzten gure seme zaharra bertan egon izan ez balitz», salatu du Shhamen aitak. Haren esanetan, ordu erdiz izan dute gaztea lurrean eskuburdinak jarrita, tirokatu eta gero. Israelgo komunikabideek plazaratu dutenez, militarrei labanaz eraso die Shhamek.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak gaitzetsi egin du hilketa: «Okupazio indarrek urte hasieratik egindako hilketa kanpainaren parte izan da». Azken asteetan, Israelgo segurtasun indarrek ia egunero egin dituzte segadak Zisjordanian.