Kenya

William Rutok irabazi ditu Kenyako presidentetzarako hauteskundeak

Hauteskunde Batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin diote emaitzak onartzeari. Raila Odingaren jarraitzaileek protesta egin dute batzordeko kideak bilduta dauden hotelaren atarian.

Raila Odinga presidentegaiaren jarraitzaileak, Nairobin. DANIEL IRUNGU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 15a
18:28
Entzun

Aste bat behar izan dute Kenyan presidentetzarako bozetako emaitza iragartzeko, eta hura ere ez da izan gatazkarik gabea. Izan ere, hainbat orduz zain egon ostean, Hauteskunde Batzordeko kideek iragarri dute Willian Rutok eskuratu duela garaipena, baina batzordeko zazpi kideetatik lauk uko egin diote emaitzak berresteari «kontaketa iluna» izan dela argudiatuta. Ez dute, ordea, azalpen gehiagorik eman. Emaitzen berri emateko prentsaurrekora joateari uko egin dioten kideetako bat da batzordeko presidenteordea, Juliana Cherera.

Elkarlanerako deia egin du orain arte gobernuko presidenteorde izandakoak emaitzen berri jakin eta berehala, eta nabarmendu du ez dela mendekurako unea: «Ohartzen naiz gure herria ataka zailean dagoela, eta esku guztiak beharko ditugula hemendik irteteko». Garaipen estua izan da Rutorena: botoen %50,4 eskuratu ditu. Haren aurkari nagusiarentzat, Raila Odingakrentzat, izan dira botoen %48,8.

Emaitzak jakinarazteko prentsaurrekoa hainbat orduz atzeratu izanak istiluak eragin ditu Hauteskunde Batzordeko kideak bilduta zeuden egoitzaren atarian. Zenbaketan «iruzurra» egon dela ere salatu dute Odingaren kanpainako arduradunek. Izan ere, azken egunetako inkestetan bera zen irabazteko faboritoa. «Eskura dugun informazioaren arabera, Hauteskunde Batzordearen sisteman sartu dira, eta emaitzak manipulatu dituzte. Batzordeko kideren batek hauteskunde iruzurra egin du, eta atxilotu egin beharko lukete», salatu du Saitabao Ole Kanchoryk, Odingaren kanpainako arduradunak. Odingak ez du oraindik porrota onartu, baina haren taldekideek eskatu dute emaitzak bertan behera uzteko, argudiatuta ez dagoela adostasunik Hauteskunde Batzordeko kideen artean.

Mila hildako baino gehiago utzi zituzten 2007ko bozen osteko liskarrek eta ehundik gora 2017koek. Hain zuzen ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkion Rutori 2007ko liskarren ostean, baina haren aurkako karguak bertan behera geratu ziren 2016an.

Uhuru Kenyattak irabazi zituen azken hauteskundeak, eta Odingaren aldeko botoa eskatua zuen hark. Erabakiak ere eman zuen zeresana, izan ere, Kenyattaren gertukoek Rutori «insubordinazioa» egotzita azaldu zuten presidenteak oposizioko alderdi bateko hautagaia babestu izana. Baina Konstituzioaren arabera, presidenteordea ez denez kargugabetu agintean jarraitu zuen Rutok, nahiz eta onartu Kenyattaren eta bere arteko harremana ez zela ona. Presidenteordearen esanetan «modu desberdinean» ulertzen zuten biek politikagintza.

Emakumeen ordezkaritza

Estatuburua ez ezik, 47 gobernadore ere aukeratu behar zituzten herritarrek joan den astearteko hauteskundeetan, eta horietan nabarmen handitu da emakume kopurua. Oraingo legealdian 7 izango dira emakumezko gobernadoreak, aurrekoan baino lau gehiago. Batzar Nazionalean ere sei izango dira emakumezko ordezkariak —290 diputatu dira guztira—.

Herritarren ia erdia emakumezkoak badira ere, oso hautetsi emakumezko gutxi aukeratu dituzte azken urteetan. Kenyako Emakume Parlamentarien Elkarteak salatu duenez, gainera, hautagaiek erasoak jasan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.