Indarkeria matxista

Espetxera bidali dute Donostian bikotekideari labanaz eraso egitea egotzi zioten gizonezkoa

Foruzaingoak bost pertsona atxilotu ditu tratu txarrengatik, eta bi sexu abusuengatik. Donostian, adin txikiko mutil batek salatu du bart gauean ziztatu egin dutela. Gasteizen gizon bat atxilotu dute, eta Donostian beste bat, sexu abusuak egitea egotzita.

Irunen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, gaur. JON URBE /  FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 16a
11:31
Entzun

Epaileak espetxera bidali du gaur bikotekide ohia labanaz zauritzea leporatuta atxilotu zuten 26 urteko gizonezkoa. Igande goizaldean izan zen erasoa, Donostiako Amara auzoko etxebizitza batean, eta emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, larri, lepoan eta bizkarraldean zauriak zituela. Haren bikotekidea, 26 urteko gizonezkoa, atxilotu egin zuten, eta atzo utzi behar zuten epailearen esku.

Kasu horrez gain, indarkeria matxistari lotutako zazpi atxiloketa egin ditu Foruzaingoak asteburuan: tratu txarrengatik bost pertsona atxilotu dituzte Iruñean, Sarrigurenen, Eguesen, Lizarran eta Alesbesen; eta Lizarran (Nafarroa) beste bi atxilotu dituzte sexu abusuengatik. Beste atxiloketa batzuk ere egon dira. Ertzaintzak herenegun 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Gasteizen, emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Epailearen aurretik igaro ostean, aske geratu zen atzo. Eta Eneko Goia Donostiako alkateak jakinarazi du gizon bat atxilotu zutela larunbatean sexu abusu bat egitea egotzita. Salaketaren arabera, Bulebarrean ipurdian jo zuen emakume bat.

Ziztadek ere ez dute etenik: Tafallako festetan (Nafarroa) hiru emakumek salatu dute ziztatu egin dituztela, eta Foruzaingoak ikerketa martxan jarri du. Gainera, Donostian adin txikiko mutil batek salatu du bart gauean hankan ziztatu dutela, Donostiako Udalak jakinarazi duenez. Ertzaintzari eta Udaltzaingoari azaldu dionez, Zurriolan izan da erasoa, eta ziztada kasuetarako protokoloa martxan jarri zuten.

Ertzaintzak beste hainbat ziztadaren berri ere izan du. Hain zuzen, ostiraletik bost emakumek jarri dute salaketa ziztatu dituztelako: bi Gernikan (Bizkaia) ziztatu dituzte, bat Bilbon, bat Donostian —bart ziztada salatu duen adin txikikoaren salaketaren berri ez dute oraindik— eta bat Zumaian (Gipuzkoa). Gainera, Donostiako Udalak adierazi du salaketa formal bakarra egon bada ere bost aldiz jarri dutela martxan ziztaden aurkako protokoloa. Protokolo hori aktibatutakoan, ospitalean artatzen dituzte, eta analisiak egiten dizkiete.

Halaber, ziztada kasuei lotuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintza Getxoko txosnetara (Bizkaia) joan zela atzo goizaldean, emakume bat ziztatu zuten susmoa zutelako. Ordea, Ertzaintzaren esanetan, txosna bateko bi arduradunek ez zieten utzi emakumea artatzen. Azaldu dutenez, «hainbat saiakeraren eta ezezkoren ostean eta festetako arduradunaren bitartekaritzari esker», lortu zuten emakumea anbulantziara eramatea. Bi arduradunak ikertzen ari dira, eta desobedientzia larria egotzi diezaiekete. Oraingoz, emakumeak ez du salaketarik jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.