Erasoen gainetik «Aste Nagusia defendatzera» deitu dute Bilboko konpartsek

Ohartarazi dute erasotzaileak ez direla ongi etorriak jai esparruan

Bilboko konpartsen agerraldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 16a
12:22
Entzun

Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Bilboko Aste Nagusia hasteko, eta konpartsek agerraldia egin dute jaietan gertatu ohi diren erasoen aurreko jarrera finkatzeko. Konpartsen Federazioko bozeramaile Garazi Askazibarrek eta Nerea Matutek «erasoen gainetik Aste Nagusia defendatzera» deitu dute, eta erasotzaileei ohartarazi diete jai esparruan ez direla ongi etorriak.

«Berdintasunezko jai gune inklusiboa» eraiki nahi dute konpartsek, eta, horregatik, ez daude eraso matxista, arrazista edo LGTBI kolektiboaren kontrakorik onartzeko prest: «Errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu. Ez zaitugu hemen nahi. Ez duzu lekurik gure Aste Nagusian. Eraso eginez gero, aurrean izango gaituzu». Esan dutenez, aspaldi erabaki zuten beldurrak ez duela lekurik Aste Nagusian, eta lanean jarraitzen dute jai esparrua «gune alai, eroso eta segurua» izan dadin.

Protokoloa

Bilboko konpartsek protokolo bat dute zehazturik erasoren bat gertatuz gero nola jokatu finkatzeko. Aspaldikoa da protokoloa, baina aurten indartu eta gaurkotu egin dute, eta nabarmendu dute federazioa osatzen duten konpartsen inplikazioa «gero eta handiagoa» dela auzi horren inguruan. Edozein eraso pairatzen duenak txosnetara jo dezake, eta han «gune seguru bat» eskainiko diote, eta laguntza: «Hemen, elkar zaintzen dugu».

Dozena bat lagunek osatutako batzorde batek bilerak egingo ditu egunero, eta egoera unean-unean baloratuko du. Horiek ez dira erasoen kontra arituko diren bakarrak: izan ere, konpartsa eta txosna bakoitzean ere egongo dira horretaz arduratuko diren konpartsakideak. Batzordeak egoera baloratuko du, eta, behar izanez gero, deialdiak ere egingo ditu erasoen kontra protestatzeko: mobilizazioak 19:00etan izango dira, Arriaga plazan, erasoa gertatu eta biharamunean; mobilizazioak iraun bitartean txosnak itxiko dituzte, eta 00:00etan lapiko jotzea egingo dute; jai ekitaldiak hogei minutuz etengo dira. Kartelak egin dituzte, bost hizkuntzatan, protokoloaren berri emateko.

Azken egunetan ugaldu diren ziztaden auziari dagokionez, konpartsek esan dute horiek «erasotzat» jotzen dituztela eta beste edozein eraso motaren aurka jokatzen den bezala jokatuko dutela horrelakorik gertatuz gero, baina ez dutela aparteko protokolo berezirik finkatu eraso mota horretarako eta ohiko protokoloa aplikatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.