Hipotekak

Euriborrak %1 gainditu du abuztuko lehen erdian

Hipoteken interesak finkatzeko erabiltzen den erreferentzia nagusia gora eta gora doa

EBZko presidente Christine Lagarde, artxioko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE
xabier martin
2022ko abuztuaren 16a
16:45
Entzun

Abuztuko lehen erdian %1,06an kokatu da Euriborra, batez bestean. Hau da, hipoteken interesak finkatzeko erabiltzen den erreferentzia nagusiak goraka jarraitzen du, nahiz eta abiadura pixka bat galdu duen azken asteetan. Aurtengo apirilean tasa negatiboak atzean utzi zituen sei urteren ondoren, eta, ordutik, hipotekak gaurkotu behar dituztenentzat kezka handia bihurtu da.

2012ko uztailetik ez da egon erreferentzia hori %1etik gora hilabeteko batezbestekoan, eta azken urtean izan duen eboluzioak albiste txarrak ekarriko dizkie hipoteka bat gaurkotu behar dutenei luze gabe, betiere interes tasa finkoa ez badute adostu. Urtearekin batera hasi zen hazten Euriborra; abenduan -%0,502an zegoen, azken sei urteetan egindako tasa negatiboen eremuan. Baina aurtengo apirila %0,013an itxi zuen, eta, ordutik, ez du etenik izan gorako joerak.

Horiek horrela, abuztuan hipoteka gaurkotzea egokitzen zaionari 108 eurotik gora garestituko zaio hileko ordainketa, betiere 150.000 euroko mailegua bada, 25 urtera eskatua eta Euribor + %1eko interesa pagatzen ari bada. Horrek esan nahi du urte osorako 1.300 eurotik gora garestituko zaiola hipoteka.

EBZ Europako Banku Zentralak espero zen baino gehiago igo zituen interes tasak uztailaren bukaeran, %0,50era, eta horrek gora bultzatu du Euriborra, bankuen mesederako. Inflazio handiari aurre egiteko neurri gisa hartu du EBZk dirua garestitzeko erabakia, eta iragarri du interes tasak berriro igotzeko asmoa duela urtea amaitu aurretik. Beraz, espero izatekoa da Euriborrak gora jarraituko duela bolada luze batean, eta egungo %1eko maila hori atzean utziko duela hilabeteak aurrera egin ahala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.