Okupazioa

Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea ez eraisteko agindu dio udalari auzitegi batek

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak hustu eta hesitu dute ingurua, eta hainbat lagun bildu dira protestara. Gune hori erretiratuentzako eremu bat da egun, eta euskaltegi bat ere badu. Elkarretaratzera deitu dute arratsaldean.

Poliziak, gaur goizean, Getxoko Itzubaltzeta auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko abuztuaren 17a
10:45
Entzun

Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko eta Getxoko (Bizkaia) Udaltzaingoko langileak Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxera joan dira gaur goizean gune hori hustera. Ez dira berriak eremu hori husteko asmoak; azken hilabeteotan behin eta berriz atera da gune hori eraisteko planaren gaia. Azkenean, gaur goizean joan dira duela hainbat urte auzo horretako gaztetxe zaharra izan zena hustera. Egun, adinekoentzako eta erretiratuentzako gune bat zen, eta euskaltegi bat ere bazuen.
Arratsaldean, Bilboko Administrazioarekiko 3. Auzitegiak Getxoko Udalari agindu dio Nagusien Etxea ez eraisteko, epaileak halakorik esan arte behintzat. Nagusien Etxeko erabiltzaileek hasi zuten eraistearen aurkako prozedura judiziala.

Bizilagun batzuen arabera, Ertzaintzako agenteak eta udaltzainak goizean goiz joan dira auzora, 05:00 aldera. Gertatzen ari zenaren berri jakitean, lagun gehiago joan dira Nagusien Etxearen ingurura, eta poliziek jarritako mugaren alboan jarri dira, gune hori hustu ez dezaten exijitzeko. Hainbat lekukoren arabera, Ertzaintzako agenteek horietako hainbat lagun identifikatu dituzte, gertatzen ari zenaren argazkiak ateratzen saiatzeagatik.

Arratsalderako jendez hustua zen ingurua, baina beharginek han jarraitu dute ordu luzez Nagusien Etxea hesitzen. Bizilagunek protestara deitu dute arratsalderako: 19:30ean, Laboral Kutxaren ondoan. «Eraisketari ez. Nagusien Etxea aurrera» jarri dute zabaldutako mezuan.

Getxoko EH Bildu alderdiak gertaera salatu du sare sozialetan, eta gaineratu du EAJ eta PSE alderdiek lotura zuzena dutela gune horren eraiste planean: «EAJk eta PSEk euren mehatxua bete dute, eta Itzubaltzetako Nagusien Etxea desalojatzera eta tapiatzera etorri dira. Auzoa polizialki okupatu dute mehatxuka. Hau da euren eskaintza herriko nagusientzat. Lotsagarria benetan», esan dute.

Herritar, bizilagun eta gune hori erabiltzen duten erretiratu askok eta askok behin baino gehiagotan eskatu dute eraikina ez eraisteko, «historikotzat eta auzorako beharrezkotzat» jotzen dutelako. Horregatik, Getxoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diete eraikina eraitsi ostean egin asmo duten belaunaldi desberdinen arteko gune hori beste leku batean eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.