Demografia

Duela bost urte baino %25 haur gutxiago jaio dira lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian

Iaz baino %2,4 haur gutxiago jaio dira aurten urtarriletik ekainera.

Haur jaioberri bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 17a
13:21
Entzun

Jaiotze tasa gero eta txikiagoa da, eta ez du buelta emateko itxurarik: INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuek berretsi dute gero eta ume gutxiago jaiotzen direla Hego Euskal Herrian. 2022ko lehen seihilekoko datuak eman ditu INEk, eta, ikus daitekeenez, duela bost urteko epe berean baino 2.992 ume gutxiago —%25 gutxiago— jaio dira aurten: urtarriletik ekainera 9.039 ume jaio dira 2022an, eta 12.031 jaio ziren 2016an. Beste modu batera esanda: batez beste 66 ume jaio ziren egunean 2016an, eta 50 jaio dira aurten.

Beheranzko joera ikusten da 2021eko datuekin alderatuta ere. Joan den urtean, lehen sei hilabeteetan, 9.264 ume jaio ziren; hau da, %2,4ko jaitsiera izan da aurten. Dena den, egoera desberdina da lurraldearen arabera: %8,4 jaitsi da Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan, baina %0,8 igo da Bizkaian, eta %0,9 Araban.

Emakumeek ama izateko duten adinean ere egon da aldaketa. Adina igotzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Esaterako, 2016ko lehen seihilekoan jaio ziren haurren %9k zuten ama 40 urte baino zaharragoa; 2022an, berriz, %12k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.