Indarkeria matxista

Bilboko Konpartsek gezurtatu egin dute Jaurlaritzak Ertzaintzaren jarduna «ez oztopatzeko» eskatu diela

El Correo egunkariaren albiste bati erantzun diote konpartsek: «Guztiaren gainetik Aste Nagusia eta erasoen biktimak defendatuko ditugu. Laguntzeko gaude, ez oztopatzeko».

Bilboko Konpartsen agerraldia, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 17a
15:37
Entzun

«Eusko Jaurlaritzak konpartsei exijitu die ziztadengatiko salaketarik 'ez oztopatzeko'». Titular horixe dakar El Correo egunkariak gaurko albiste batean. Izan ere, kazetaren arabera, Bilboko Konpartsek aurkeztutako erasoen aurkako protokoloak ez du guztiz bat egiten Eusko Jaurlaritzak aholkatutakoarekin. El Correo-ren esanetan, larrialdi zerbitzuei eta Ertzaintzari berri eman aurretik, konpartsek «modu pribatuan» artatuko lituzkete erasoren bat salatzen duten biktimak, eta Jaurlaritzak zabaldutako irizpideen aurkakoa litzateke hori.

«Gobernu autonomikoak lehenbailehen SOS Deietara hots egiteko beharra nabarmendu du, eta eskatu du asistentzia lana ez oztopatzeko», azaldu du hedabideak albistean, eta, «Segurtasun Saileko iturriak» aipatuz, ohartarazi du Poliziari salaketaren berri berandu jakinaraztea arduragabekeria larria litzatekeela. Titularrean dioena, ordea, ez du zehaztu albistean: El Correo-k ez du argitzen zein bidetatik egin dien Jaurlaritzak eskaera hori Bilboko Konpartsei.

Bilboko Konpartsek gezurtatu egin dute albistea: «Eusko Jaurlaritza ez da gurekin harremanetan jarri inolako eskaerarik edo 'exijentziarik' egiteko». Konpartsek zehaztu dute haien jai gunean zerbait gertatuz gero «betidanik» Bilboko Udaltzaingoarekin jartzen direla harremanetan. Algortako Portu Zaharreko jaietan ziztada bat salatu zuen emakumearen kasua hartu du oinarri El Correo-k: «Arazo hori Bilbon errepika daiteke». Bilboko Konpartsek argitu dute, ordea, ez daukatela protokolo komunik beste herrietako txosnekin.

Udalak ere berretsi du hori, eta ukatu egin du inolako arazorik dagoenik. «Txosnetan honelako arazorik gertatu denean arduradun batzuk egon dira beti, eta kasuak Udaltzaingoari jakinarazi zaizkio. Aurten ere horrela izango da, ez da arazorik izango», adierazi du Itziar Urtasun zinegotziak.

Ikusi gehiago:Algortako mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientzia delitu larriagatik

«El Correo-ri berri horren iturria argitzea eskatzen diogu», adierazi dute Bilbo Konpartsek, zuzenketa publikoa eskatzearekin batera: «Ez da zilegi egunkari batek kontrastatu gabeko berriak modu honetara argitaratzea. Guztiaren gainetik Aste Nagusia eta erasoen biktimak defendatuko ditugu. Laguntzeko gaude, ez oztopatzeko».

Bilboko Konpartsek atzo aurkeztu zuten eraso matxistei, arrazistei eta LGTBI kolektiboaren kontrakoei erantzuteko protokoloa. Aspaldikoa da protokoloa, baina azaldu zuten aurten indartu eta gaurkotu egin dutela. Edozein eraso pairatzen duenak txosnetara jo dezake, eta han «gune seguru bat» eskainiko diote, eta laguntza. Kartelak ere zabaldu ohi dituzte protokoloaren berri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.