Peru

Sendero Luminosoko hainbat kide hil ditu Peruko armadak

Taldeko buru Victor Quispe Palominok ihes egitea lortu du, baina militarrek uste dute zaurituta dagoela.

Hainbbat militar Perko Amazonian, legez kanpoko lurreratze pista bat desegiteko operazio baean, artxiboko argazki batean. SEBASTIAN MONTALVO GRAY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 17a
21:20
Entzun

Peruko armadak jakinarazi duenez, Sendero Luminoso talde armatuko hamar eta hamabost kide inguru hil eta beste hainbat zauritu dituzte operazio militar batean. Baina taldeko buruak, Victor Quispe Palominok, ihes egin du. Militarrek uste dute zaurituta dagoela. Bi militar ere hil dira borroketan. Armadak berak zabaldu duenez, hainbat arma, komunikaziorako tresnak, ordenagailuak eta idatziak ere aurkitu dituzte kanpalekuan.

Joan den ostegunean hasi zuten operazio militarra Vizcatan eskualdean, Peru erdialdean. Inguru horretan ekoizten da herrialdeak esportatzen duen kokainaren ia erdia, eta asko dira bertan dauden droga trafikatzaile taldeak ere. Hori dela eta, eskualde osoa larrialdi egoeran dago duela hamarkada batetik.

Abimael Guzmanek sortu zuen Sendero Luminoso erakundea, 1980an, Peruko Estatuaren aurka egiteko; talde armatuaren eta polizien arteko borrokak bi hamarkada iraun zuen. Egia eta Erreparaziorako Batzordearen arabera, 70.000 hildako eta desagertu eragin zituen gatazkak.

Guzman bera 1992an atxilotu zuten, eta iazko irailean hil zen, segurtasun handiko espetxe batean. Taldeko sortzailea atxilotu ostean, Quispe Palomino anaiek hartu zuten Sendero Luminosoren ardura, baina Guzmanek ez zuen onartu haien buruzagitza, eta anaiek eurek entzungor egiten zioten buru izandakoaren aginduei. Bi anaietako bat, Jorge Quispe Palomino, iazko martxoan hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.